Hasiera / 2016 / Kronika
Aurreko urteetan bezala ekitaldiak antolatzeari eta Errelatoaren inguruan abiarazitako barne hausnarketari ekitea adosten da. Bai eta emandako urratsak ekainean ebaluatu eta hurrengoak zehaztea ere.
Gainera, Foroak izaera juridikoa hartzen du. Orain arte errelatoaren inguruan izandako elkarrizketak ikusita jarritako helburuetako bigarrena garatu dugula ikusten dugu. Hau da, “gertatutakoaren aurrean ditugun irakurketa anitzak entzun, ezagutu eta ulertzen saiatu”. Betetako papelografoetan Errelato poliedriko bat osatzen joan gara, ezer justifikatu eta errelato historiko bat egin nahi gabe, bakoitzaren irakurketa anitzak eta kontrajarriak jaso ditugu. Hasiera batean, kontakizunaren hasierako data 1960a izan bazen, bakoitzak bere errelatoa partekatzerakoan ekarritako bizipenek atzerago egitea suposatu dute. Beraz, gaia eztabaidatu ondoren, ontzat ematen da bakoitzak bere kontakizuna egiterakoan beharrezkoa duen data hautatzea. Kontakizun poliedrikoak entzuterakoan bakoitzarengan testuinguruak izandako eraginaz eta garrantziaz jabetzen gara eta gai zehatz batzuen inguruan sakontzeko nahia adierazten da: demokrazia nola ulertu dugu eta ulertzen dugu, indarkeriarekiko irakurketa desberdinak, izandako gatazkak. Onarturik kontakizun anitzen beharra, Errelato etiko bat egitearen beharra ere adierazten hasten da.
Hilabete berean izandako hurrengo bileran, errelato desberdinak entzuteak azaleratzen duen konplexutasuna, norberaren bizipenak eta emozioak mugitzeko duen gaitasuna eta aurrera egiteko beharra adierazten dira. Entzundako guztia nolabait antolatzeko eta gehiago zehazteko beharra ikusten da, diren ertz guztiak kontuan hartuz gertatutakoa hobeto ulertze aldera. Egiten ari garen lanketa nola jaso eta nola sozializatu dezakegunaren kezka sortzen da.
Iraganera begiratzeak gure barrenak begiratzea eta mugitzea suposatzen duen neurrian lanketa honi jarraipena emateko baldintza egokiak sortzen saiatzen gara. Hurrengo bilera larunbat goizez antolatzen dugu, lasai hitz egiteko denbora hartuz eta gaiari bultzada bat emateko. Gure bide propioa egiten ari garela jabetzen gara eta gure elkarrizketa antolatzeko metodologia berri bat entseatzen dugu. Ardatz kronologiko batean 1936an abiatuz eta gaur egun arte izandako testuinguru zehatz batzuk izendatzen ditugu: Gerra zibila, frankismoa, trantsizioa eta demokrazia. Zutabe batean, orain arte izendatu ditugun korapilo batzuk jasotzen ditugu: gatazka politikoa, indarkeria(k) eta gatazka politikoa + indarkeria. Martxoan izandako bileran, “gatazka politikoaren” inguruko hausnarketa zabala egiten dugu eta papelografoetan jasotakoa koadro batean biltzen da. Aldi berean, aurrera joan ahala errelato bakar bat egitearen ezintasunarekin topo egiten dugu. Beraz, iraganari begiratzerakoan, orain arte aurreraturiko gertatutakoaren irakurketa poliedrikoaz gain gertatutakoaren ondorio minimo etiko partekatu batera iristeko gai izan beharko ginatekeela partekatzen da. Bi irakurketa hauek ezaugarri eta helburu desberdinak dituztela jabetzen gara eta horrela zehazten hasten gara. Bestalde, gure hausnarketek nora garamatzaten, jarritako helburuak betetzen ari garen, hausnarketa luzatzen ari dela ikusteak eta egindakoa nola jaso kezkatzen gaitu. Apirileko bileran eta azken aldian ez bezala, taldekide guztiak elkartzea lortzen dugula ikusita, lanketa honi bultzada bat ematen diogu. Aurrera egite aldera, iparorratz bat jartzearen beharra adierazten dugu eta elkarrizketak antolatuko dituen eskema berri bat sortzen dugu: kontakizun poliedriko/politikoa eta kontakizun etikoa/ondorio minimo etikoa jasoko dituzten lau folioak sortzeari ekiten diogu. Folio horiek irudikatze aldera bide orri bat zehazten dugu. Alde batetik, behin eta berriz errepikatzen diren gakoak berreskuratzen ditugu: indarkeria, demokrazia/trantsizioa, giza eskubideak eta gatazkak/gatazka politikoa. Gai bakoitzaren inguruan partekatzen duguna eta partekatzen ez duguna ikusiko dugu. Ondoren gu gaur hemen kokaturik gertatutakoaren balorazioa egingo dugu eta partekatzen duguna adieraziko dugu, gertatutakoa errepikatu ez dadin etorkizuneko oinarri batzuk finkatze aldera. Egoera honetan taldekide batzuek bere hausnarketa propioak taldearekin partekatzen dituzte.
Paraleloki, apirilaren 14an “Legearen eta justiziaren erantzuna indarkeriaren aurrean. Denak balio al du?” mahai-ingurua antolatzen da. Bertan hizlari bezala, Jose Ricardo de Prada, Carmen Lamarca eta Iñigo Iruinek hartzen dute parte. Ekitaldi honek oihartzun handia du eta Jose Ricardo de Pradaren kontrako adierazpenak eragiten ditu komunikabideetan. Horien aurrean Foroak publikoki bere babesa adierazteko idatzi bat onartzen du. Idazki horrek deserosotasun batzuk eragiten ditu eta etorkizunerako, Foroak medioetan bere iritzia noiz eman behar duen erabakitzeko irizpide batzuk adostearen beharra ikusten da.
Maiatzaren 24an “Emakumeak bake eraikuntzan hemen eta munduan” mahai-ingurua antolatzen da Mugen Gainetik elkartearekin batera. Parte-hartzaileak hauek izan ziren: Morena Herrera (El Salvador), Rosalina Tuyuc (Guatemala) eta Irantzu Mendia (EH). Ondoren, forokideek eta hizlariek, beti bezala, elkarrekin
Maiatzaren 26an Tolosan izandako bi gertakari esanguratsu berreskuratzen ditugu, Juan Mari Jauregiren erailketa eta Joxi Lasa eta Josean Zabalaren desagertzea eta erailketak. Beste gertakari larriak ukatu gabe, jatorri desberdineko bi indarkeria kasuk gugan izandako eraginak aztertzeko lagin bezala hartzen ditugu. Honako galderak erantzuten ditugu: Non nintzen? Nola bizitu nuen? Ze eragin izan zuen nigan? Norberaren bizipenak berreskuratzeko eta bestearen bizipenei hurbiltzeko ariketa sakona izan zen. Bileran partekaturiko norberaren bizipen, eragin eta hausnarketak papelografo batean jaso genituen. Gure bizipenak nola gurutzatzen ziren ikusi genuen. Ekaineko bileran jarraipena eman genion ariketa honi, entzundako guzti horretatik gugan oihartzuna izandakoa edo ukitu gintuena berreskuratzen saiatzen gara. Entzundakoa epaitu gabe, lehen pertsonan hitz egiten. Bileran forokide guztiak ginela baliaturik, Foroaren hurrengo urratsak argitzeko ere baliatzen dugu, orain arte egindakoa ikusita, abendua arte barne hausnarketa eta ekitaldien antolaketa uztartzen jarraitzea erabakitzen da. Neguko ekitaldi zikloaren antolaketa lantalde txiki baten esku uzten da eta hurrengo bileretan honako gaiak jorratzea erabakitzen da: 1. indarkeria (demokrazia eta giza eskubideak) eta 2. gatazka politikoa (demokrazia eta indarkeria). Eta gure elkarrizketa prozesuaren ondorio minimo partekatuak jasoko dituzten folio horietara iristeko prozedura finkatzen dugu.
Aurreko urtean adosturiko prozedurari esker ekitaldien prestaketak ez du bileren denbora askorik kentzen. Beraz, Neguko zikloa ere talde txiki batek kudeatzen du. Azaroa eta abendua bitartean hiru mahai-inguru antolatzen dira honako gaiak jorratuz: 1. literatura, memoria eta gatazka, 2. komunikabideak, elkarbizitzaren eraikuntza eta memoria eta 3. emakumeak eta bizikidetza. Aurreko urteetan bezala, eta erakundeen beste eskaintzen faltan, Foroak azaroaren 10a, Memoria eguna baliatzen du ekitaldiak antolatzeko.
Datozen hilabeteetako bileretan, honako gaiak berreskuratu eta jorratzen dira. Alde batetik jada aurreko urteetan landutako “biktimen” gaia berreskuratzen da, nola hurbildu eta zer eskaini? Eta ekimena Udalari edo Foroari dagokion galdetzen da. Bestalde, adosturiko “indarkeria”ren gaia jorratzeari ekiten diogu. Elkarrizketetan kontuan harturiko zenbait ardatz: indarkeriaren eragilea eta biktima, testuingurua eta giza eskubideak. Indarkeria izendatzeari ekiten diogu eta ariketa horretan batzuentzako oztopo diren hitzak besteentzako hitz ikur bilakatu direla jabetzen gara. Indarkeria(k) modu argi, irmo eta partekatu batean izendatzeko eta baloratzeko izandako elkarrizketetan, modu partekatu bat aurkitzeko zailtasunekin egiten dugu topo. Puntu honetan, honako galdera egiten diogu geure buruari: “nola egiten dugu hausnarketa guzti honetatik sortzen dugun dokumentua denon dokumentua izan dadin? Printzipio etiko batzuk harturik, irakurketa amankomun bat egiteko gai izan al gara? ” Gertatutakoa eta bere ondorioen irakurketa egiterakoan, testuinguruak gugan duen pisuaz jabetzen gara. Beraz, gure irakurketa subjektiboei tokia eman nahian, baina ondorio partekatu batzuk lortzeko nahiarekin ere, kontakizuna egiteko bi maila bereiztea adosten dugu: maila politikoa eta maila etikoa. Irakurketa politikoa egiterakoan, gertatutakoa ulertzea izango genuke helburu, testuinguru politikoaren eta indarkeriaren zilegitasunaren loturen arteko inflexio puntuak aurkitzea. Kontakizun etikoa egiterakoan norberak egin beharreko autokritika aipatzen dugu, bai eta gaur gertatutakoaren irakurketa etiko bat egiterakoan oinarri partekatu batzuen baitan egin beharko genukeela. Oraingoz oinarri hori giza eskubideak dira. Azken bileretako bilakaera ikusita, galdera hau egiten da: “gertatutakoaz ze errelato egin dezakegu?”, eta errelato poliedrikoaren kontzeptua berreskuratzen dugu. Baina bada eztabaida bat: gertatutakoaren errelato hori egiterakoan, gertatutakoa izendatu ala baloratu egin behar al dugu? Eta balorazio horrek etikoa ala morala izan behar al du? Aurrera egite aldera, orain arte landutako guztia berreskuratu, horrekin zirriborro bat egin eta hori lantzea proposatzen da: partekatzen dena eta ez dena elkarrekin aztertuz.
Laburbilduz, 2016an aurreko urteetan baino ekitaldi gehiago antolatu ziren, guztira sei, beste urteetan baino bi aldiz gehiago. Bestalde, urte honetan errelatoaren gaiak edo Foroaren elkarrizketa prozesuaren ondorio minimo partekatuak jasoko dituen folio horien lanketak 8 bilera eskatu zituen, horietatik erdia markoa eta metodologia desberdinak zehazten eman genituelarik.