2014 Kronika

Hasiera / 2014 / Kronika

Taldearen oinarriak finkatzen. 2013-2014 ikasturtea taldearen helburuak, gaiak, lan dinamikak eta elkarrizketa ahalbidetuko duten irizpideak finkatzen ematen da. Eta horiekin batera taldearen aurkezpen publikoa prestatzen.

Behin taldea osatuta, lehen urratsak ematen hasten da, Bizikidetza Foroa izenez. Maiatzaren 8an, Tolosako Kultur Etxean egindako lehenengo bileran, taldea zabaltzearen zergatiak azaltzen dira, azpimarratuz denak maila pertsonalean daudela, eta ez inongo talderen ordezkari gisa, nahiz eta aniztasun ideologiko zabala ordezkatu. Hasierako bileretan 15 pertsona biltzen dira, 12 gizonezko eta 3 emakume. Taldeak egindako lehen gonbidapenean lanerako hizkuntza euskara izango zela adierazten da, nahiz eta norberak erosoen sentitzen duen hizkuntza baliatu. Taldearen funtzionamendurako oinarri batzuk finkatzen dira: Lehenik, ez dela gauza guztietan ados egon behar, baina taldearen izenean zerbait egitekotan, aho batez egin beharko dela, eta bigarrenik, herri mailan ekintza zehatzen bat egin aurretik, talde barruan konfiantza giroa sortu behar dela, bai hitz egiteko eta baita entzuteko ere. Hasieratik nagusitzen dira hitz egiteko beharra, besteak entzuteko interesa eta herri mailan ekarpen bat egiteko beharra. Taldearen helburuak eta landu beharreko gaiak finkatzen hastean kanpoko laguntzaren beharra ikusten da. Ekin beharreko elkarrizketak dinamizatzeko metodologien beharra. Ondorioz, urritik aurrera eta prozesuan zehar mantendu den Aitziber Blanco erraztatzaile lanetan hasten da, Lokarriren izenean elkartea desegin arte eta Berbari Lekuaren izenean ondotik. Bere lana, Tolosako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzari esker ordaindu da.

Urte horretako azaroan egiten da lehen bilera Tolosako Udaleko ordezkari politikoekin, Foroaren berri emateko, euren oniritzia eta babesa eskatzeko, eta elkarlan bideak sustatzeko. Bilerari begira Foroak ordezkari politikoei adierazi nahi dien hori adosten du. Herri mailan ekarpen bat egin nahian, hurrengo urratsa Foroa publikoki aurkeztea aurreikusten da, abendurako. Aurkezpena prestatzen hastean zenbait gai lantzeari ekiten dio foroak, baina lanketa horretan landu nahi diren gaiek elkarrizketa sakonak eta lasaiak behar dituztela ikusten da, denbora, alegia. Beraz, garrantzi handia hartzen du bi dinamika horien arteko uztarketak; barne hausnarketa eta ekintza publikoaren artekoak, alegia. Eta aurrera egite aldera, hausnarketa hau jasotzen duen lan plangintza finkatzen da. Agerian geratzen da azken hilabeteetan izandako elkarrizketek eta haurturiko erabakiek forokideen arteko konfiantzazko eta errespetuzko esparru bat eraikitzen lagundu dutela. Bai eta Tolosako bizikidetzari ekarpen bat egiteko konpromisoa partekatua dela ere. Horri guztiari esker, Foroaren agendan jasota diren gai konplexuei ekiteko baldintzak sortu dira, hau da, partekatzen dena eta ez dena ikusirik ondorio minimo amankomun batzuk bilatzen saiatzeko adina. Beraz, hurrengo hilabeteetan, barne hausnarketari eta aurkezpen publikoaren prestaketari ekiten zaio. Printzipioz onarturiko lan dinamikak zera suposatuko luke: gai bakoitza landutakoan horren inguruko ekitaldi bat prestatzearen egokitasuna aztertzea.

2014. urteko lehenengo bileretan prozesu osoan pisu handia izango duen hausnarketa bati ekiten zaio: erabakiak hartzeko prozedura. Erabakiak aho batez eta taldekide guztien parte-hartzearekin hartu behar direla adosten da, horrek talde dinamikan duen garrantziaz jabeturik. Gai baten inguruko eztabaida ezinezkoa bilakatzen denean, eztabaida hori emateko baldintza egokiak diren arte atzeratzea proposatzen da. Horrek taldekide bakoitzaren erritmoak eta beharrak kontuan hartzea eta errespetatzea esan nahi du. Horretan ados egonik ere, aldi berean arrisku bat ikusten zaio: beto eskubidea baliatzea edo zenbait eztabaida modu egonkorrean blokeatzeko arriskua, alegia. Prozesuaren bilakaeran halako egoerak biziko dira eta momentu bakoitzean adosturiko prozesuari jarraituz, kontsentsu mota desberdinak landuko dira.

Beraz, agendako gaiak lantzeari ekiten zaio, baina horiei heldu aurretik eta forokideen arteko elkar ezagutza eta ulermena sustatze aldera, honako galdera hau lantzen da: Nola bizi izan ditugu azken 50 urteak? Nola bizi izan du norberak azken urteetan gertatutakoa? Ariketa honek forokide bakoitzaren biografia egitea suposatzen du: bizipen eta hautuak entzutea eta jasotzea. Otsaileko saioan, adibidez, aurrekoan hitz egitean eta entzutean sentitutakoa jasotzen da: urduritasuna, zintzotasuna, jasoa izatea, interpelatua, epaitu gabe entzuteko zailtasunak, maila pertsonalean izandako hurbiltasuna, kontraesanak azaleratzeko aukera…

Ondoren, entzundakotik ondorio minimo partekatu bat ateratzeko lehenengo saiakera egiten da. Ariketa honek bereziki agerian uzten du badirela zenbait gaitan sakontzeko beharra. Eta izandako elkarrizketatik ateratzen da landu nahi den hurrengo gaia, hau da: memoria, errelatoa/kontakizuna eta historia. Aldi berean, hurrengo bileretan uda aurretik ekitaldi publiko bat egitea erabakitzen da, nahiz eta pauso hori emateko beharrak eta arrazoiak desberdinak izan. Ekitaldiaren prestaketak barne hausnarketa oztopatu ez dezan, bai eta modu azkarrean adostasunetara iristeko atakan ez aurkitzeko, ekitaldiak honako helburuak izatea adosten da: taldearen aniztasunaren argazkia ateratzea eta desberdinen arteko elkarrizketa posible dela adieraztea. Prestaketa lan gehienak forokide batzuen eskuetan gelditzen dira, bileretan gai zehatzak lotuz.

Maiatzaren 8ko bileran “Errelatoaren” gaia lantzeari ekiten zaio. Lanketa horren abiapuntu gisa honako galderak erantzuteko saiakera egiten da: Zertarako izan daiteke baliagarria? Zeren errelatoa (indarkeriarena, urraketena, arrazoiena, sufrimenduena? Errelato bakarra posible al da edo anitzak izan behar dute? Ze ikuspegitik jaso gertatutakoa? Noiztik hasi? Non kokatu? Galdera hauek aldez aurretik kide bakoitzari bidalitako galdetegi batean jasotzen dira. Bilera bakoitzean hurrengo bileretan garatzen jarraituko diren hausnarketa eta eztabaidagaiak aipatzen dira.

Ekainaren 11n aurkezten da Tolosako Bizikidetza Foroa talde gisa Kultur Etxeko Areto Nagusian. Ekitaldirako ahalik eta deialdi zabalena lantzen da, Tolosako eragile politiko eta sozial desberdinei gonbidapen zuzenak helaraziz, ekitaldia bera topagune gisa irudikatzen delako. Ekitaldian Foroak egindako ibilbidea azaltzen da: Foroaren hastapenak, helburuak eta elkarrizketa zintzoan eta elkarrekiko errespetuan oinarrituriko lan dinamika. Jarraian, forokide bakoitzak Foroan parte hartzeko dituen arrazoiak azaldu, eta foroarekiko ze ikuspegi duen adierazten du. Ondoren, elkarrizketa irekitzen da bertaratutako herritarrekin. Azkenik, Foroak etorkizunean lanean jarraitzeko konpromisoa adierazten du: barne hausnarketa eta ekitaldi publikoen antolaketa uztartuz. Ekitaldiak aniztasun oso zabaleko hamahiru pertsonaren arteko elkarrizketa Foro bat aurkeztea suposatzen du, eta horrek oihartzuna du Tolosako zein bestelako hedabideetan ere. Ondorengo egunetako elkarrizketen kudeaketaren inguruan binaka egitea eta taldeko mezuari lotzea adosten da, gai hau beste momenturen batean norberaren ikuspegia adierazteko muga modura bizi izango da zenbait forokideren aldetik.

Uztailaren 2an, Uda aurreko azken bileran, ekitaldiaren balorazioa egiten da. Forokide bakoitza nola sentitu den eta taldea ezagutzera emateak suposatu duena partekatzen da. Balantzea oso positiboa da, gehien bat talde barruko konfiantza eta kohesioa sendotzen lagundu duen neurrian. Aldi berean, aurkezpenak herri mailan espektatiba batzuk sortu ditu eta hori arduraz eta konpromisoz hartzen da. Prestaketan hizkuntzaren erabileraren inguruko eztabaidak indarra hartzen du, Foroaren ezaugarrietako bat euskaraz lan egitea izan bada ere, kanpora urratsa ematean eta ahalik eta parte-hartze zabalena bermatze aldera, hitzartzeak elebidunak izatea adosten da. Beraz, aurkezpena taldearen osaketa eta funtzionamendua egonkortzea suposatzen du eta aurrerantzean gidari izango diren hiru lan ildoak finkatzen dira: 1. barne hausnarketa, 2. herriari begira ekitaldi zehatzen antolaketa eta 3. herriko sektore desberdinekin harremana eta elkarlana landu.

Udaren bueltan, azken bileran finkatutako hiru lan ildoen baitan kokatutako hiru lanketei heltzen zaie, hau da: 1. errelatoaren inguruko hausnarketaren jarraipena, 2. biktimenganako hurbilketa eta 3. Udazkenerako eta data esanguratsuen inguruan ekitaldi baten prestaketa. Hurrengo bileretan, Udazkenerako ekitaldi bat antolatzeari ekiten zaio, ekitaldia hildako biktimen senideekiko hurbilketarekin lotuko dela eta horretarako azaroaren 10a baliatzea adosten da. Azaroaren 10a erakundeek biktimen memoria oroitzeko baliatzen duten data izanik, Udalak zerbait antolatuko duen argitzea garrantzia du. Udaletik ezer ez dela antolatuko jakinda, Foroak herriko biktimak aitortu edo gogoratzeko ekitaldi bat antolatzearen ekimena hartzen du. Ekitaldia prestatze aldera, halako ekitaldi baten zergatiak eta helburuak aztertzen dira taldean. Ekitaldi mota desberdinak proposatzen dira, aldi berean biktimekin lanketa hurbilaren beharra ikusten da, baina behar duen lasaitasuna eta zaintza emateko denborarik ez. Azkenean, Aranburu Jauregiko atzealdeko Pizkunde plazan ekitaldi xume bat egitea ikusten da egokien, biktima guztiak bertaratzera gonbidatuz eta hurbilagoko lanketari aurrerago ekitea. Elkarrizketa desberdinen ondoren aurrera egitea erabakitakoan, Foroak biktima eta gizarteari helarazi nahi dion mezua adosteari ekiten dio. Abiapuntu bezala, helburuen harira aipatutako ideiak oinarri dituen zirriborro bat lantzen da. Lanketan sartu ahala gaiaren ertz desberdinez eta gaiaren konplexutasunaz jabetzen da taldea, bai eta horri guztiari heltzeko denbora faltaz ere. Azkenean, mailez eta bileren bitartez azaroaren 10ean Pizkunde plazan irakurritako “mezua” adostea lortzen da. Baina adostasun honek ez du gaiaren inguruko eztabaida ixten. Izan ere, hurrengo urteetan ere taldeak gai hauen inguruan sakontzen jarraituko du: biktimak, indarkeria eta giza eskubideen inguruan. Guztira sei bilera egiten dira, azkenak hamabost eguneko maiztasunarekin eta taldekide guztien parte-hartzea bermatzeko zailtasunekin.

Azaroko bileran ekitaldiaren eta horren prestaketaren balorazioa egiten da. Alde batetik, mezu bat adosteko egindako ariketak garbi uzten du ez dela erraza adostasunetara iristea, horren hurbiletik ukitzen duten gaien hausnarketak berezko denborak behar dituela eta epe muga bat izateak ez duela horretan laguntzen, presak eragindako ziurgabetasunak eta kezkak areagotuz, baina aldi berean horrek guztiak taldean mugimenduak eragiteko eta norberaren mugak azaleratzeko duen gaitasuna ere balioan jartzen da. Horri lotuta taldeko eztabaidak kudeatzeko prozedurari so egitea beharrezkoa ikusten da: denok harturiko erabakiak berdin ulertzen ditugun argitzea, berdintasunezko parte-hartzea bermatzea adibidez eztabaidak bileretan egitea eta ez mailez, lortutako aurrerapausoak ez zalantzatan jartzea eta horien ardura hartzea eta denei tokia emateko aukera zabalak aztertzea. Azkenik eta hurrengo ekitaldiei begira helburu xumeagoak jartzea egokiagoa ikusten da, oraingoan gehiegi landu gabeko gaiei heltzeak suposatu dituen egonezinak, kezkak eta deserosotasunak saihesteko eta elkarrekiko zaintza bermatze aldera. Aurrerantzean antolatuko diren ekitaldiak esperientzia honetatik ikasitakoan oinarrituko dira neurri handi baten. Azken hilabete hauek talde dinamikan eragin handia izan baitute.

Abenduaren 3an, El País egunkarian, Luis Aizpeoleak forokide batzuei egindako elkarrizketa agertzen da, Jose Agustin Arrieta, Pello Atxukarro, Antton Izagirre eta Xabi Maizari, alegia. Elkarrizketaren izenburua ”Empezar a hablar” da eta foroaren topaleku den Kultur Etxeko gela berean egiten da. Foroa gizarte eragile bilakatzen hasten da.

Hurrengo bilerak, abenduaren 10erako aurreikusitako ekitaldiaren prestaketari ekiten zaio. Oraingoan ere Udalak ezer aurreikusita ez duela ikusita, taldeak hartzen du Nazioarteko Giza Eskubideen egun hau ospatzeko ekimena. Ekitaldi horren helburu nagusia, aurrekoan hildako biktimak oroitu ziren bezala, oraingoan bestelako urraketak pairaturiko biktimak aitortu eta oroitzea da. Emandako aurreko urratsaren osagarria izan dadin eta taldeko ikuspegi eta behar guztiak barneratu nahian. Eztabaida sakonetan sartzeko denbora gutxi izanik, jada taldeak adosturiko dokumentuak oinarri hartzea adosten da, bai eta Giza Eskubideen Adierazpenetik gure ingurunean urratutako eskubideez mintza diren artikuluak jaso eta horien inguruko adibide batzuk aipatu. Azken gai horren inguruan iritzi desberdinak adierazten dira eta azkenean, egokiena honako txostenean jasotakoa baliatzea ikusten da: Informe de “Vulneraciones de derechos humanos en el caso vasco entre 1960 y 2013”. Lan prozedura, taldekide batek eginiko zirriborro bat hartu eta horri ekarpenak egitea izango da, e-maila eta bilera gutxi batzuk baliatuz. Nekea ageria da taldeko kideengan eta horrek eragina du parte-hartzean; beraz abenduaren 10ean Zerkausia plazan antolaturiko ekitaldian banatutako koadernoaren lanketa nagusia Foroko bi kideren eskuetan gelditzen da. Koaderno hau, Foroaren aurkezpen panela bezala, Zigor Agirrezabalak diseinatzen du eta Tolosako Udalaren laguntzari esker editatzen da. Aurrekoan bezala ekitaldian musika eta koadernoaren irakurketa uztartzen dira, oraingoan jende gutxiago hurbiltzen da, eguraldiak ere ez du laguntzen. Ondorengo egunetan beste bilera bat antolatzeko saiakera egiten da, baina azkenean bilera urtarrilaren 7rako lotzen da.

Urtean hamabost bilera baino gehiago egin dira, hilabeteko maiztasuna gaindituz, gehienak izandako ekitaldi publikoen prestaketan eta horien atzean ziren gai mamitsuen inguruko eztabaidetan. Ondorioz, bileretan ez da martxoaren 8an abiaturiko memoria, errelatoa/kontakizuna eta historia gaia lantzeko tarterik aurkitzen.