Kontakizun etikoa

Hasiera / 2021 / Kontakizun etikoa

Hau da Foroak adosturiko azken dokumentua.

2021/2/22 | Tolosako Bizikidetza Foroa

Gure herrian sufrimendu mota eta egoera latz asko, gehiegi, eman direla eta oraindik ematen direla jabetzen gara. Askatasun falta, jazarpena, errespetu falta mingarriak eta urraketa larriak egin izan dira eta neurri batean jarraitzen dute. Honek guztiak haustura sakonak eta lubakiak sortu ditu bizilagunen arteko harremanetan. Gure artean “gureak” eta “besteak” identifikatzeko dinamika nagusitu da eta neurri batean mantentzen da. Dinamika horrek sufrimendu desberdinenganako hurbilketa eta begirada baldintzatzen jarraitzen du, pairaturiko minari ukazioa, babes eza edo gutxiespenaren mina gehituz. Guk dinamika hori hautsi nahi dugu, eta gure herriko biktimak aitortzerakoan, ez dugu indarkeria nork eragin edo sufritu dutenen arteko desberdintasunik egin nahi.

Eta horrek, izandako indarkeriek eragindako sufrimenduari begiratzeko partekatzen ditugun oinarrizko irizpide etikoak bilatzera bultzatu gaitu. Urteetan modu partzialean aldarrikatu diren giza eskubideen errespetua modu integralean aldarrikatzera garamatza. Abiapuntu komun horretatik, euren giza eskubideak urratuak izan dituzten pertsona guztiak biktimak direla aitortzen dugu. Bizikidetza eraikitzeak pertsona ororen giza duintasunarekiko errespetua baldintzarik gabe onartzea suposatzen du. Giza eskubide guztien errespetua, oinarri etiko partekatu bezala onartzeak, urraketa guztiak gaitzestea esan nahi du. Urraketa orok suposatzen duen bidegabekeria onartzea, alegia.

Ez da gure asmoa biktima guztiak parekatzea, baina bai urraketa guztiei berdin begiratzea. Biktima guztiei egia, justizia eta erreparazio eskubideak zor dizkiegu. Izan ETAk zein inguruko taldeak (CCAA) bere indarkeriaren bitartez eragindako biktimak, izan Estatuak sustaturiko talde armatu ilegalak (GAL) edo ultra eskuindar taldeen indarkeriak eragindako biktimak (Triple A, BVE…), zein poliziak eragindakoak.

Guk biktima guztien sufrimendua geure egin nahi dugu. Halako urraketak ez zutela inoiz gertatu behar, ez lehen, ez orain eta ez gerora ere adierazi nahi dugu. Urraketa horiek guztiak pertsona eta familia askorengan, erreparaezina den sufrimendua eragin dute eta askotan behar zuten babesa eta hurbiltasuna emateko ez garela gai izan aitortzen dugu. Oraindik oso bizirik diren sufrimendu eta zauriak guztion babesa eta aitortzaren beharra izaten jarraitzen dutela ohartzen gara. Eta egin dezakegun ekarpenik onena etorkizunean halakorik errepikatu ez dadin gure alea jartzea da, giza eskubideekiko konpromiso irmoa eta baldintzarik gabekoa berretsiz.

Gaur egun sufrimendu egoerek hor jarraitzen dute. Etorkizunari begira eta bizikidetzan sakontzen jarraitze aldera, taldekideen artean gertatzen zaigun bezala, gizartean ere, existitzen diren ikuspegi ideologiko desberdinen arteko desadostasunak kudeatzea erronka handia dugu. Bakoitzak bere ikuspegitik egungo desadostasun politiko zehatzei erantzuteko modu desberdinak ditu. Hala ere, eta horri uko egin gabe, desadostasun ideologikoak kudeatzeko modu arautuaren beharra partekatzen dugu. Giza eskubideetan oinarrituriko eta desadostasunak bide baketsu eta demokratikoan kudeatzeko aukera bermatzen duen Zuzenbide Estatu Demokratiko eta Sozial baten barnean konpondu beharra partekatzen dugu*. Elkarri oinarrizkoa den giza duintasunarekiko errespetuan eta elkarrizketa zintzoan eraikitako bizikidetza zor diogulako.

* Forokide batek ezin du testu hau onartu berarentzat honako hau jasotzea ezinbestekoa delako: “Giza eskubide eta Zuzenbideko Estatu Sozial eta Demokratikoaren legearen barruan (Konstituzio Legea, gure kasuan) oinarriturik desadostasunak konpondu beharra partekatzen dugu”.