2015 Kronika

Hasiera / 2015 / Kronika

Urtearen hasierako hiru bilerak, aurreko urtean egindako ibilbidea lasai begiratu, nola gauden sentitu eta ikusteko, eta ikasitakoari esker aurrera nola egin zehazteko baliatzen dira. Beraz, bilera horietan taldeari zentzua ematen dioten helburu partekatuak, prozesua zainduko duen lan dinamika eta aurrera egiten lagunduko duen planifikazioa zehazten dira.

Egindako balantzean aurrerantzean kontuan hartu beharreko zenbait bizipen nabarmentzen dira. Taldean bizi diren abiadura desberdinak (hausnarketa eta ekintza) uztartzeko zailtasunak eta horrek eragindako deserosotasunak; prozesuak suposatzen duen konpromiso mailaren kontzientzia, bai kanpora begira sortarazitako espektatibengatik, bai eta barrura begira gaiak lantzerakoan, norbera bere muga eta loturez jabetzea suposatzen duen neurrian; Foroaren nortasun kolektiboa sendotzen doan neurrian norbanako bakoitzaren nortasuna galtzeko kezka; elkarrekin aurrera egiteak suposatzen duen esfortzu eta pazientzia; zenbait eztabaidatan ikuspegi desberdinak entzundakoan sentitutako deserosotasunak; elkarri entzuteak suposatzen dituen zailtasunak; adostasunetara iristeak suposatzen dituen zailtasunak. Balantzean talde bezala lortutakoa ere balioan jartzen da. Elkarrekiko errespetua eta konfiantza nagusitzen da taldean; konpromiso maila altua prozesuarekiko; elkarrekin lan egiteko nahia nagusitzen da; lortutako zintzotasunak desadostasunak modu zabalean plazaratzea ahalbidetzen du: taldea herri eragile bilakatu da, zehazki azaroaren 10a eta abenduaren 10a ospatzea bere gain hartuz; orokorrean egonkortze egoera bizitzen da.

Egindako balantzeari esker Foroaren lanari zentzua emango dioten helburu partekatuak eta lan dinamika adosten dira. Helburuak zehazterakoan kide bakoitzak behar duena eta eman dezakeena hartzen da kontuan. Eta taldearentzako egingarriak diren helburuak finkatzeko saiakera egiten da. Barrura begira: “desberdinen arteko eztabaida eta elkarrizketa ahalbidetuko duen topagunea sortu, muturren logika hautsi eta mikro akordiotara iristea” dira eta kanpora begira: “bizikidetzaren aldeko pentsamendua gizarte mailan hedatu eta horren inguruko hausnarketa eragin, bizikidetza posible dela kaleratu eta desberdinen arteko topaguneak ugaltzea” dira. Helburuak zehazturik prozesuarekin jarraitzeko konpromisoa berresten da. Hurrengo urratsa, datozen hilabeteetako lana planifikatzea da, barne hausnarketa eta kanpo ekimen dinamikak uztartzeko egutegia finkatuz. Barne hausnarketan landuko diren gaiak zehazteko, 2014. urtearen hasieran finkaturiko gaien zerrenda berreskuratzen da. Kanpora begira, antolatzen diren ekitaldietan ez dela beti taldearen mezu amankomunik landu behar adosten da eta hauen antolaketak bilera gehiegi ez hartzeko, ekitaldi bakoitzeko lan talde bat izendatzea adosten da. Hiru dira ekitaldiak antolatzeko aurreikusten diren datak: ekainak 11, azaroak 10 eta abenduak 10. Azkenik, eta taldea gizarte eragile bilakatu den neurrian, kanpoko gertakarien aurrean erantzun bat eman beharrean aurkitu daitekeela aztertzen da. Gaia landu ondoren, dinamika horretan ez sartzea adosten da taldeak bere dinamika propioari eutsiz.

Beraz, adosturiko lan plangintzari jarraituz hurrengo bileretan “Errelatoa”ren gaia jorratzeari ekiten zaio. Udalak Aranzadiri, izandako giza eskubideen urraketen eta bestelako sufrimenduen inguruko ikerketaren enkargua egin diola jakiten da. Beraz, eremu honetan Foroaren ekarpena gertatutakoaren inguruan diren ikuspegi eta bizipen subjektibo anitzak ezagutzea eta ulertzea izan daitekeela partekatzen da. Errelatoari ekiterakoan gai eta ikuspegi gatazkatsuekin topo egingo dela aurreikusten da. Beraz ariketa baliagarria eta emankorra izan dadin garbi ikusten da “marko partekatu” baten baitan egitea komeni dela. Partekatzen den funtsezko ideia nagusia “gertatutakoa ulertze eta justifikatzearen arteko desberdintasuna” izango da. Ondoren, Errelatoa zertarako landu, noiz eta non gertatutakoa jaso adosten da. Jasotako erantzunekin, prozesu guztian oinarri bezala hartuko den “markoa” erantzutea adosten da. Galderen bitartez, bakoitzarentzat esanguratsuak izan diren gertaerak aipatzeko, gertatutakoaren zergatien ikuspegiak emateko, norberaren bizipenei tokia emateko eta azkenik norberaren jarrera eta kokalekuei erreparatzeko aukera ematen da. Bileretan errespetuzko entzumena eta zintzotasuna nagusitzen dira. Entzundako ideia nagusiak papelografoetan jasotzen dira. Kide guztiek ez dute beren errelatoa emateko edo besteenak entzuteko aukerarik izan, bileretako parte-hartzea ezegonkorra izan baita. Ariketa hori apirileko bileran eteten da eta gaia ez da 2016ko urtarrilera arte berreskuratuko, orduan dinamizatzaileak papelografoetatik eratorritako gai edo hausnarketa nagusiak bueltatzeko lehenengo saiakera eginez. Hurrengo hilabeteak aurreikusitako ekitaldiak prestatzeari ekiten zaio.

Ekainaren 17an Foroaren lehenengo mahai-ingurua antolatzen da. Izenburua: Nola berreraiki bizikidetza indarkeria eta giza eskubideen urraketak pairatu dituzten gizarteetan? Foroaren aurkezpen publikoaren urteurrena zera adierazteko baliatzen da: Foroak lanean jarraitzen duela, hausnarketa esparruak ahalbidetu nahi dituela eta bizikidetzaren alorrean ekarpen eraikitzaileak egin nahi dituela. Ekitaldia Topic museoan antolatzen da. Hizlariak Pilar Eirene de Prada, Arantxa Urretabizkaia eta Mario Zubiaga dira, eta elkarrizketa Jaime Otamendik bideratzen du.

Uztailaren 1eko bilera, aurreko ekitaldiaren eta urteko lanketaren balantzea egiteko baliatzen da. Ekitaldiaren harira asko da ikasitakoa. Ekitaldiak sortarazitako gastuak forokideen artean ordaintzen dira. Etorkizunean herritarrei zuzenduriko ekimenak antolatzen jarraitu nahi denez, aurrerantzean Udalari diru- laguntza eskatzea adosten da. Horrek Foroa izaera juridikoa hartzea suposatzen du, Elkarte bezala laguntzak jaso ditzan. Antolaketaren inguruan, prestaketak suposatzen duen lan karga azpimarratzen da, aurrerantzean behin taldean ekitaldi mota eta hizlariak adostuta, gai operatiboak talde txiki baten gain uztea komeni dela ikusten da. Bestetik, deialdia ahalik eta gehien zabaltze aldera, herriko beste eragileekin saretzearen beharra ere ikusten da. Azkenik, ekitaldiaren ondoren forokide eta hizlarien artean izandako afaria azpimarratzen da, elkarrizketa pausaturako eta harremanak lantzeko eman zuen aukera paregabeagatik. Formatu hau hurrengo urteetan errepikatu eta zabalduko da, afarietara Udal ordezkariak eta herriko zenbait biktima ere gonbidatuz.

Urteko lanketaren inguruan iritzi desberdinak partekatzen dira. Alde batetik Foroaren oinarriak jarri direla partekatzen da, nahiz eta horrek uste baino denbora gehiago hartu duela sentitu ere. Errelatoaren inguruko hausnarketa eta ekitaldiak uztartzea ez dela erraza ikusi da. Aurrerantzean lan plangintza zehatzagoa eta egingarriagoa zehaztu behar dela ikusten da, lanak bete ahala aurrera egiten denaren sentsazioa izateko eta denok talde dinamika hobeto jarraitzeko. Berriz ere adostasunetara iristeko zailtasuna azpimarratzen da eta hori hala izanik, aurrera egiteko erabakitze modu egoki bat eskatzen da. Edozein eztabaidatan desadostasunak zintzoki azaltzea konfiantza adierazle bezala onarturik, puntu amankomun batera iristeko beharrezkoak diren bueltak eta denborak ez dira beti errazak egiten, batzuetan taldearen helburua zalantzan jartzera iritsiz.

Hurrengo bileretan foroaren egitura eta lan plangintza egonkortzen dira. Alde batetik foroaren helburuak gehiago zehazten dira. Bestalde, azken hauteskundeen ondoren sorturiko Udal berriarekin harremana irekitzen da eta foroa ordezkari politiko guztiekin elkartzen da Kultur Etxean izandako bilera bateratu batean. Ondorioz, Foroaren lan ildo berrien artean harreman hau lantzea ere jasotzen da, herriko eragileekin saretzea eta elkarlana sustatzearekin batera. Lan ildo honen baitan Tolosako Hirukide Ikastetxeak antolaturiko tailerrean parte hartzen da. Azkenik, urteko ekitaldien egitaraua adosten da, talde txiki batek egindako proposamena aztertu ondoren.

Azaroaren 10ean, Memoria eguna baliatuz bi zatitan banatutako “Bizikidetzarako testigantzak” saioa antolatzen da Topicen. Lehenengo “Reconciliación” filmaren emanaldia eta ondotik zenbait biktimaren testigantzak entzuteko aukera eskaintzen da: Maixabel Lasa, Gerardo Arin, Pili Zabala eta Joxemi Gomez Elosegirenak. Ekitaldia hasi aurretik eta Udalean eguna ospatzeko kontsentsurik ez dagoela ikusita, oroimen ekitaldi xume bat antolatzen da Topiceko kanpoko aldean. Ekitaldi hau herriko biktimengana hurbiltzeko urrats bezala bizitzen da eta bide honi jarraipena ematea egoki ikusten da. Ondorengo afaria bereziki emankorra izan zen, lehenengo aldiz Foroko kideak, biktima batzuk eta Udal ordezkariak elkartu zirelako. Abenduaren 9an, ”Giza eskubideen egoera eta bermeak gaur” hitzaldia antolatzen da Udaletxeko Pleno Aretoan. Hizlari lanetan Iñigo Lamarca eta gidari gisa Garbiñe Biurrun aritu dira.

Urtea bukatzeko, abenduaren 19an Gipuzkoan abian diren zazpi herritar foroetako kideen Topaketa egiten da Tolosan. Herrian izanik, forokideei harrera lanak egitea tokatzen zaie.