Hasiera / 2021 / Kontakizun poliedrikoak / Errelatoa
3. Kontakizun poliedrikoa
AZKEN 60 URTERI BEGIRA, KONTAKIZUN PERTSONALA (TOLOSAKO BIZIKIDETZA FOROTIK: 2013-2021)
1. SARRERA.
Baketzea eta bizikidetza Tolosaldean bultzatzea izan da nire helburu nagusia. Egitasmo hau indartu nahi izan dut era zabal eta pluralean, errespetuz eta ahal den objetibotasun handienarekin. Zortzi urte hauetan gogoeta eginez forokide taldea bildu izan gara. Nire baitan hiru giltzarri izan ditut: PERTSONA, HERRIA eta JAINKOA.
Bake politikaz eta politizazioaz hitz egiten genuenean, nik behintzat garbi hau daukat/neukan: indarkeriaren biktimak eta beren bizitzako dramak ezin ditugula ahaztu. Gogorkeriak astindutako pertsona horiei lagundu egin behar zaie; horixe eskatzen du justiziak eta errespetu sozialak, eta horixe da beharrezko bidea bakerako.
Badakit azterketa historiko bat egiten hasiak direla, batez ere 1936ko guda zibilaren ondorendik. Hala ere, nik 1959a jarriko nuke abiapuntua, ETAren sorrera eta mugimendu honek markatu zuen tentsioa eta talka. Ezin onartu ere legez kanpoko beste hainbat ekintza zikinak (GAL, Espainiako gobernuen joko zikina…). Ezin ahaztu gabe utzi, sistema diktatorial eta frankismo zikin eta zekenaren erdian bizi ginela.
Hemen ETAk kalte handia egin du, bai erakunde terrorista bezala eta baita “bere inguruneak”. Eta honi zuzenezko zigorra krimenengatik eman behar zaio. Noski, hemen ere ezin ahaztu “kale borroka” deitzen zitzaiona ere.
Bestalde indarkeriagatik espetxeratuak ere “politizazio” hori jasaten dute, beren giza arazoa ilunduz. Nik uste presoek beren duintasuna badutela eta honek errespetua eta lege babesa behar duela.
Bost ahalegin:
- Bizikidetzaren aldeko apustua egiteak alderdi politiko bakoitzari eskatzen dio “nire” herri egitasmoa murrizteko prest egotea elkarren arteko harremananean eta elkar-trukean “gure” arteko egitasmoa jaio ahal dadin.
- Bizikidetzaren aldeko apustua egiteak esan nahi du gizarte ekimenei eraginkortasunez babes ematea, beren barruko pentsamolde politikoen aurretik bakea jarriz bideak urratzen saiatzen direnean, noizbait gure herrian jasaten ari garen amesgaizto luze eta nekoso hau uxatu ahal dezaten.
- Bizikidetzaren aldeko apustua egiteak berekin du distentsio eta gerturatze keinuak eskaintzea. Presoei beren zigorra sorterritik hurbilago betetzen utziko liekeen espetxe-politikak, adibidez, gizatasuna erakutsiko luke, batez ere gurasoekiko eta senideekiko.
- Bizikidetzaren aldeko apustua egiteak bakerako heziketa dakar, batez ere belaunaldi gazteentzat; hauengan pentsamendu kritikoa ernarazten du, kontzientzia etikoa pizten, giza-biziaren aldeko jarrera errotzen, bestearekiko begirunea eragiten, herri plural berbereko kide direla sentiarazten, gizartea adiskidetzearen aldeko konpromisoa hartzera eramaten ditu gazteak bakerako heziketak.
- Bizikidetzaren aldeko apustua egiteak herri mailan kontzientziatzea eta bizikidetza indartzeko bideak zabaltzea eta hainbat aukerabideak eskaintzea: mahai-inguruak, zine-forum, argazki eta marrazki erakusketak, musika ekitaldiak, gastronomiazko topaketak, hainbat egun instituzionalizatuak bultzatzea (biktimen eguna, giza-eskubideen eguna, errefuxiatuen eguna…)
2.GERTATUKOAREN IKUSPEGI PARTIKULARRA.
2.1 ZER GERTATU DA?
Ez naiz gauza bi hitzetan adierazteko katramila hau. Badakit irakurketa historiko asko daudela, ez dagoela irakurketa bakarra, hala ere puntu hauek azpimarratuko nituzke:
- – Espainiako Guda Zibila gogorra eta beldurgarria izan zen. Errepublikar gobernu demokratari gogorkeriaz erantzun zitzaion, “Ordena Konstituzionala” gaitzetsiz eta gobernu aldaketa indarrean eraikiz.
- – Kataluniako eta Euskadiko soberanía esperientziak baztertuak eta deuseztatuak izan ziren. Espainian Frankismoko diktadura faxista eraiki zen.
- – 1959.urtean ETA sortzen da eta borroka armatuaren planteamenduak eginez urte gutxitara (1968) praktikara eramaten ditu.
- – Frankismoak hiru garaialdi izaten ditu: – Autarkikoa. – Hazkuntza ekonomikoarena (Polos de Desarrollo, OPUS…) – Europara begira eta “eraberritze” itxurakoa.
- – Francoren heriotza (1975.11.20). Trantsizioa. Erregimen aldaketa: Suarez (1977-1981). Amnistia (1977).
- – Gobernu konstituzionalak eta demokratikoak (Suarez, Calvo Sotelo, Felipe Gonzalez…). ETAk gero eta gogorrago jokatzen du. Bere borroka armatua indartu egiten du eta hilketak, bahiketak, atentatuak…ugaritzen dira. Bestalde, Estatuko hainbat ekintza paramilitarrak sortzen dira (Batallón Vasco-Español, GAL…)
- – ETAk borroka armatua uzten du (2011.10.20) eta armak itzultzen ditu (2017), nahiz eta ez desegin bere egitura osoa
- – Madrileko gobernuek oso zentralistak izaten jarraitzen dute.
Nik uste gizartearen gehiegoak biziki gaitzesten duena ETAren indarkeria izan dela. Babesten edo justifikatzen dutenek honela definitzen dute: “Euskal Herriaren eskubide nazionalak babesteko eta eskuratzeko borroka armatua legitimoa da”. Frankismoaren garaietatik datorren fenomeno hori ulertzeko faktore asko aztertu beharra legoke (historikoa, biografikoa, politikoa, soziala edo kulturalak). Gaur egun, indarkeria –eta giza eskubideen beste edozein urraketa babestea, bere jatorriari begiratu gabe- ideia batzuen defentsari eginiko atxikipen itsua da, gizatasun-espiriturik gabea, bitarteko anker eta bidegabeak erabiltzea dakarrena. Zoritxarrez, Trantsiziotik gaur egun arte, Estatuak zenbaitetan amore eman izan du arazo politikoari zein ETAren indarkeriari metodo ez-demokratikoekin erantzuteko tentazioaren aurrean (GAL, torturak edo dispertsioa dira hauetako adibide batzuk).
Ba al dago aukerarik bizikidetza indartzeko, mugarik gabeko soberaniak elkarbanatzeko herrigintzaren mesedetan? Nola elkar-lotu Europarekin?
2.2 GERTATUTAKOA GERTATU, GUZTI HONETATIK ZER ONDORIO ATERA DAITEKE?
1.1 Eszenategi politikoa aldatu egin da.
- – PNVko gobernuaren eta hau babesten duten alderdien ikuspegia.Euskal gizartea kontsultatu eta erabakitzeko ahalmenean oinarritutako aldaketa politikoa defendatzen dute, konfederazio joerarekin, atxikimendu libreko estatus berria lortzeko. Azkenaldian “Bilateralitatea”.
- – Ezker abertzalearen ikuspegia. Independentzian oinarritutako aldaketa politikoa defendatzen dute, lurraldetasunaren aitorpenean, Euskal Herriaren eskubideetan eta herri-kontsultan oinarritutakoa.
- – Sozialisten ikuspegia: joera federalista duen aldaketa politikoa planteatzen dute, euskal gizartearen pluralismoaren errespetuan oinarrituta egungo Autonomia-Estatutuan aldaketa gauzatua izan dadin.
- – PPren ikuspegi politikoa: itxiagoa eta zentralistagoa. Azkenaldian, egoera larri batek eskatuta eta itunen bidez, Estatutua eta Kontzertu Ekonomikoa babestuz.1.2 Aukerak eta oztopoak.Gure gizartea aspertuta dago eta sendo dago konponbideak esijitzerakoan eta gehiengoaren borondateak (indarkeriarik-eza, elkarrizketa, akordio anitza eta herri- borondatearen errespetua) defendatzerakoan. Hau da, egungoa bezalako eszenategi batek bere alde behar duen ezinbesteko haizea da. Iruditzen zait eztabaida hauek gutxi gora-behera denbora gutxian aldaketa arau-emailerako emaitza eskainiko dute Euskadin, baita Katalunian ere eta Espainiako Konstituzioaren edukian ere bai agian.
Honekin adierazi nahi dudana, esate baterako, hau da: batasun konstituzionalaren defentsa, egungo estatutuaren aldarrikapena, estatus berri bat lortzeko plana edo euskal lurraldearen batasunaren eredu autodeterminista bezalako proposamenak – demokratikoki onargarriak diren heinean- ez satanizatzea eta errespetatzea esan nahiko luke.
Badakit konplexua dela, baina garbiak iruditzen zaizkit irizpide hauek: 1. Giza eskubideekin konpromiso zehatza; 2. Bazterketarik eza; 3. Nafarroaren, Iparraldearen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko harreman zehatza; 4. Gure gizartearen ahalmena erabakitzeko eta kontsultarako eskubidea; 5. Aldabakartasunik eza aniztasunarekiko konpromisoaren barruan.
2.3 ZERTAN GAUDE BAT FOROKIDEOK?
Printzipio gidariak.
- – Giza eskubideak eta indarkeriarik eza. Printzipio hau giza duintasunarekiko eta bizitzaren eskubidearekiko konpromiso absolutu eta etikoa bezala ulertu behar da.
- – Berdintasuna eta bazterketarik eza.
- – Elkarrizketa eta akordio anitza.
- – Arau demokratikoak eta erabakitzeko askatasuna.Helburuak. Indarkeriaren eta zatiketa politikoaren errealitate bidegabea eraldatzen laguntzen saiatzea da bakearen aldeko lanaren helburua. Gure testuinguruan helburua hirukoitza da:- Bakea gure herriarentzat eta norbanakoarentzat.- Bizikidetasun normalizatua askatasunean, berdintasunean, aniztasunean eta oinarrizko adostasunean.
– Sufrimendua pairatzen duten biktima guztiekiko elkartasun aktiboa.
2.3 ZER ONDORIO ATERA?
Parte hartze aktiboa eta kritikoa zabaldu.
Azkenean, praktikan, hauxe esan nahi du: mobilizatzea, bileretan parte hartzea, norbera mugitzen den arloetan eztabaida sustatzea, eta alderdiengana, erakundeetara, komunikabideetara… hurbiltzea.
Memoriak eta errelatoak lagundu beharko liguke zubigintza eraikitzera, setatsu ez jartzera eta historia era eraikitzailean eta berradiskidetze espirituan azaltzera eta idaztera.
Ez galdu itxaropena.
Lana luzea eta zaila da. Ezin etsi baizik eutsi beharra daukagu. Arrazoi asko daude amore emateko: nekea, motibazioa galtzea, motibazio alternatiboak, denbora falta, eraginkortasunik ezaren sentipena… Hala ta guztiz ere, errealitateak esaten digu BIZIKIDETZA FORO hau bezalakoak badutela zentzua eta beharra gure herri zatitu honetan.
Nik uste gure TOLOSAKO BIZIKIDETZAREN FORO honen helburuak askotan gogoratu eta esan ditugula. Badakit edozein herritarako balio dutela, baina guk Tolosatik begiratuz eta Tolosa sentituz honela birresango nituzke:
- Indarkeriaren kulturaren hondarrak gainditzeko borondatea adieraziko duten keinuak biztanlegoarengan zabaldu.
- Baketzearen alde egingo duen memoriarekin bateraezinak diren adierazpen anbiguoak gainditzea.
- “Desberdinen” arteko topaguneak ugaltzea, jokabide bateratuen konpromisoetara iristeko.
- , Oroitzapen ekitaldi eta beste zenbait ekintza arreta bereziz zaindu, biktimei zor zaien justizia ahaztu gabe, baina konparaketak eta gertaeren trukaketak ekidinez.
- Memoria historikotik abiatuta, beharrezkoa da giro sozial lasaia sortzea, “euskal gatazka” deiturikoaren planteamendu zuzena eta irtenbidea, egian,askatasunean eta solidaritatean oinarrituta aurkitzeko.
- Garrantzitsua deritzot espetxe politika zuzena eta humanizatzailea babestea, oraindik ere aplikatzen diren salbuespenezko zenbait lege gaindituz.
- Azkenik, hainbeste desiratzen dugun “gizarte berri” horren eraikuntza elkartuta egin dezakegunaren asmoa suspertu eta indartu behar dugu. Esperientzia honen balioa ari gara zerbait ikusten gure talde dinamikan eta hau herri mailara zabaltzearen balioa izugarria izango da.
3. AUTOKRITIKA ARIKETA BEZALA.
Nik uste bakezko bizikidetzak aurrera-pausoak ematen ari dela/garela. Nahiz eta korapilo asko egon, gizartean “lasaitasun” bat somatzen dut. Aurreraka goaz. ETA gelditu da, desmobilizatu egin da eta bakarrik guztiz desagertzea falta da.
Betidanik oso kritikoa izan naiz ETAren ihardunarekin. Kristau zentzu batetik, inoiz ez dut onartu edozein erahiltzea (“ez duzu inor hilko”). Niretzat giltzarria 1977ko amnistía legea izan zen, eta nahiz-eta espetxeratu guztiak kalera atera, orduan eta ETA gogorrago hasi zen bere borroka armatuarekin, beldurra eta izua (terrorea) herrian itsatsiz.
Nire ideia nagusiak hauek izan ziren/dira:
- Edozein gogorkeria mota ezabatzea eta deseuztea.
- Giza Eskubideen aldeko aldarrikapena eta bereziki bizitza duinaren aldekodefentsa.
- Sufritzen dutenen aldeko aukera babestea, baina era positiboan eta baitakritikoan.
- Gizarte anitz batean bizi garela ohartzea eta jakin beharko dugula nortasunnazional desberdinak egoki kudeatzen.
- Baketzearen bultzada eta heziketa aurrera bideratzea.
Etorkizuna baikor ikusten dut. Hala ere, asko falta zaigu. Niri ez zaizkit batere gustatu ETAkideenganako omenaldiak. Lehenengo, aitortu beharra dago ETAren historia beldurgarria, nazkagarria eta guztiz baztertzekoa izan dela. Behintzat, berriro ez errepikatzeko eta batez ere, gotortzera bultzatzen dituzten ideiak eta “baloreak” uxatzeko (“gudariak”, “ereduzko bizitzak”, “herriari emanak”, “abertzale jatorrak”…, baina beti gorrotoa eta odola zabaltzeko…ezin onartuak dira, ene iritziz, jokabide oker eta anker hauek)
Hala ere, pauso handiak eman ditugu. Giro sozial hobeagoa daukagu. Tira-bira gutxiago somatzen dut. Itxaro dut ETAk aitortzea egin duen kalte osoa, heriotza guztiak, zuzenak eta zeharkakoak, itxuragabeak eta asaldagarriak izan direlako.
Baita ere, itxaro dut GAL babestu zutenak aitorpen barkatzailea egitea, esanez legedi demokratikoa apurtu eta urratu zutela, eta giza-eskubideak zapuztu ere.
Espero dut, espetxe politika irekitzea, espetxeratuak hurbiltzea eta espetxeratu gaixoen egoera kontuan izatea eta egoera demokratikoan zuzentzea eta ez erabiltzea arma politiko bezala eta izurratze eta kaltetze moduan. Nahiko nuke espetxeratuek dauden lege penitentziarioetara edo/ eta bakarrezko neurrietara egokitzea eta horrela bere egoera penala jasangarriagoa bideratzea eta izatea.
4. ETIKAREN BEHARRA.
Irizpide etikoak funtsezkoak dira hausnarketa horretan. Bizkarrezurra pertsonen giza eskubideak izan dira, baina, horiekin batera, nahitaezkoa da eskubide kolektiboei eragiten dieten beste batzuk aipatzea.
4.1 Giza eskubideak
Gure lehen baieztapenak eta garrantzitsuenak baiezko borobila ematen dio giza bizitzaren defentsari, eta, ondorioz, ezezko erradikala eta erabatekoa ETAk egin dituen erailketak. 800 baino gehiago izan dira. Izan ere, eskubide sakratuenak urratzeaz gain, sistema demokratikoaren oinarriak ahultzen zituzten, aurkari politikoa fisikoki ezabatuz.
Gainera, herritar gehienen eskakizun irmoaren aurka zeuden. Familia asko suntsitu dituzte. Beldurra eta ikara sortu dute biktima potentzialengan. Gure komunitatean desmoralizazioa eta etsipena erein dituzte.
Euren ekintzaileak irteerarik gabeko kale batera eraman dituzte. Gure herriaren irudi publikoa zikindu dute. Oztopo handia izan dira gure gizartean dauden desadostasun politikoak behar bezala planteatzeko eta lasaitasunez lantzeko.
ETA honen balorazio etikoa eta politikoa deseustagarria eta iraingarria izan da, eta ikuspegi hau ekintza terroristekin lankidetzan aritu diren edo ekintza horiek ezkutatu eta defendatu dituzten pertsona edo talde guztiengana hedatzen da, behar den proportzioan. Bahiketa ankerren eta enpresaburuei eta profesionalei egindako estortsio ekonomiko gogorren konstelazioari ere aplika dakioke. Eta kale borroka ere ezingo dugu ahaztu.
Hilketen aurrean izandako erreakzioak ez du beti saihestu erantzun bortitza eta odoltsua. Iturri batzuen arabera, 58 izan ziren GALek eta Batallón Vasco-Españolek hildakoak, batez ere 1978 eta 1985 artean. Hilketa horiek antzeko gaitzespen etiko bat eta egiletza behar bezala argitzea eskatzen dute, egia osoa argi dezan.
ETAren biktimak interpelazio larria dira gure kontzientzia etikoarentzat. Txosten fidagarrien arabera, 3.000 pertsona inguruk jasan dute bortizki hildako senide baten atzaparkada. Euskal gizarte osoak laguntzeko, babesteko, konpentsatzeko eta erreparatzeko betebeharra du. Hildako horiekiko errespetuak edozein erabilera politikotik abstenitu behar ditu gobernuak eta alderdiak beren bizitzaren sakrifiziotik.
Bizitzeko eskubidearen lehentasuna giza eskubide ukiezinen konstelazio batez inguratuta dago, eta eskubide horiek ezin dira inola ere urratu. Pertsona bati, oso erruduna bada ere, ezin zaio inoiz tratu txarrik eman, eta are gutxiago torturatu. Kasu horietako asko ez dira erraz identifikatzeko eta zenbatzeko modukoak.
Gure artean gaurkotasun berezia du gaur egun presoen eta haien senideen egoerak, gizakiarena ez den sakabanaketaren ondorioak pairatzen baitituzte. Ez da hala, ezta ere, preso batzuen espetxealdia neurriz kanpo luzatzea, ezta gaixo dauden presoei legezko xedapenak aplikatzeko irizpide murriztailea ere. Arbuiagarria litzateke presoen erabilera politikoa, bai “prentsa politiko” gisa, bai “trukerako txanpon” gisa.
4.2 Bakearen etika.
Ulertzen dut elkarrizketa hitza funtsezkoa eta garrantzizkoa izan dela gure Foroaren dinamikan. Elkarrizketaren praktika nire ustez, askatasunez eta adiskidetasun-izpirituz saiatu eta gauzatu dugu. Emaitzak ez dira ugariak izan, baina bakearen eta elkarrizketaren aldeko ekintzak antolatu ditugu, hala nola mahai-inguruak, komunikatuak, ekitaldi zibikoak…
Bakegintzarako eta bizikidetzarako beharrezkoak diren bi sentimendu azpimarratu nahi ditut:
– Bakerako ezinbestekoa da euskal herritar guztiok, gure aukera politikoak edozein izanik ere, kontzientzia hotza ez ezik, herri bereko, komunitate bereko kide izatearen sentimendu beroa izatea. Herri anitza gara. Ezin diegu gure seme-alabei herri zatitu baten irudia helarazi.
– Giza komunitate bereko kide izatearen sentimenduak (dela bakarra, dela partekatua) beste sentimendu eratorri bat sortzen du, bakerako eta bizikidetzarako beharrezkoa dena: desberdintasun sozialak, kulturalak eta politikoak, muga gisa ikusi beharrean, aberastasun komun gisa sentitzen dira.
4.3 Elkar-laneko bakegintza.
Bakea eta bizikidetza aukeratzeak distentsio- eta hurbilketa-zantzuak eskaintzea dakar. Biktimei laguntza garbia, irmoa, zentzuzkoa, eraginkorra eta erreparatzailea ematea justiziaren, egiaren, gizarte-osasunaren eta adiskidetzearen postulatua da. Presoei zigorra beren jatorrizko lekuetatik hurbilago betetzea ahalbidetuko liekeen espetxe politika batek gizatasun keinu bat ekarriko luke, batez ere guraso eta senideentzat.
Bakearen eta gizarte-bizikidetzaren alde egiteak belaunaldi gazteak bakerako heztea eskatzen du, batez ere, eta belaunaldi horietan pentsamendu kritikoa, kontzientzia etikoa, giza bizitza ororekiko sentsibilitatea, desberdinarekiko errespetua, herri plural bereko kide izatearen sentimendua eta adiskidetze sozialaren aldeko konpromisoa pizten ditu.
Esan ohi dugu, arrazoin osoz esan ere, guztiok dugula bakean bizitzeko eskubidea. Baina bake hori ez zaigu, euria bezala, zerutik eroriko; aldiz, guztion artean eraiki beharko dugu. Horregatik, bakean bizitzeko eskubidea dugula aldarrikatzen den bezalaxe, aitortu beharko da orobat, guztiok dugula, modu batera edo bestera, hura eraikitzeko obligazioa ere.
Tolosako Bizikidetza Foroaren ibilbidearekin pozik nago eta gainera merezi izan duelakoan. Bakea eta bizikidetza salbatu behar izan dira, gainera behin betiko atera nahi dugun konfrontazioak sortu duen eta sortzen jarraitzen duen sufrimendu ikaragarriak eskatzen du. Zalantzarik gabe, bide neketsua izan da. Bakea, bizikidetza eta desberdinen arteko adiskidetzea lortzeko, elkar ulertzea beste biderik ez dago. Lehenago edo beranduago, ibilia egin behar da. Eta gurea horren aldeko saiakera izan da.
Beste Forokide bat