Errelatoa 2

Hasiera / 2021 / Kontakizun poliedrikoak / Errelatoa

2. Kontakizun poliedrikoa

SARRERA

Tolosako Bizikidetza Foroa eratu eta lanean hasi ginenean, azken 50urtetan dirauen gatazka politikoari buruzko errelatoa osatzea hartu genuen helburutzat, beti ere taldeko partaideon norbanakoen ikuspegi partikularren errespetutik abiatuta, errelato poliedrikoa deituriko horri ekarpena egiteko borondatearekin.

Hala ere, aldi hori ezingo litzateke ulertu modu diakronikoan histori ulertu gabe; hau da, azken 50 urtetako gertaerak gerra zibila eta ondorengo frankismoaren ondorioak kontutan hartu gabe.

JAKIN DUT…
Izan ere, Gerra Zibila izan da, dudarik gabe, XX .mendeko Hego Euskal Herriko historian gertakaririk dramatikoena eta traumatikoena.

Hego Euskal herrian 36ko gerra hasi ostean, 5000 gizon-emakume izan ziren fusilatuak. Geroztik, 75urtetan, 5000 gorpu ahanzturan lurperatuak egon dira, izenik gabe, inizialik gabe eta guzti horren erantzule zehatzik gabe. Fusilatzeez eta euskal kulturaren, justizia sozialen eta demokraziaren atzeratzeaz gain, gerraren eta frankismoaren indarkeriaren adierazpenak era askotakoak izan ziren: jende multzoen atxiloketak, torturaren instituzionaltzea, erailketak, desagerpenak, kartzela zigorra doilorrak, , preso politikoen esklabotza, umeen bahiketa, hautu politikoen jazarpena, konfiskazioak, umiliazio publikoak, lanpostutik baztertzeak…

Erregimen faxistak terrorezko erregimen baten ezarpena eta belaunaldi oso bati trauma gogor bat ezarri zion.

Diktaduraren garaian giza eskubideen aurkako bortxaketak hainbat modutara eta intentsitate desberdinekin gertatu ziren eta gatazkatik bizirik ateratakoen memorian, borrokaren oroitzapenak eta jasandako izugarrikerien gomutak bizirik iraun dute.

Gauzak horrela, pertsona eta familia askok euren samina isilik gorde behar izan zuten, memoria oroitzera zuzenduriko ekintzek bortxakeria gehiago pairaraziko zizkieten beldurraz.

Urte askotariko isiltasunaren ondoren, gaur egun gero eta ahots gehiagok aldarrikatzen du memoria historikoaren berreskurapena, behingoz egia ezagutzeko, justizia izateko eta Erreparatzea lortzeko eskubideak bete daitezen eskatzen dute.

Behar bada Gernika da sufrimendu guzti horren sinbolorik ezagunena.

Aldi horretan zehar ezarri zen erregimen frankistak eta diktadurak ikusezin bihurtu zuen diktadura frankistaren aurkako guztia.

Erresistentzia antolatu zen frankismoaren aurka gerrilla antifrankisten bidez, errepresio handia zen eta kartzela, erbestea. baina erregimenaren aurkako jarduna mugatua zen.

1950bukaera inguruan asko areagotu zen diktaduraren aurkako erresistentzia. Giro horretan lehenbizi EGIren jarduera klandestinoak eta ondoren Ekin proiektuaren bitartez klandestinitatean lanean ziharduen ikasle abertzaleen talde batek ETA erakundea sortu zuen 1958an eta gero eta garrantzitsuagoa bilakatu zen frankismoaren aurkako borrokan. Sortzaile hauek gerra bizi izan ez zutenak baina Gernikak irudikatzen zuen sinbologiaren ondorengoak izan ziren; hau da gerra galdu zuten haien oinordekoak. Hortik gatazka politikoaren ikuspegi diakronikoa.

ETAk Euskal Askapen Nazional eta Sozialaren aldeko Mugimendu modura aurkeztu zen.

Bere 50 urte luzetako ibilbidean 833 hildako biktima eragin zituen, 15000 militante inguru izan zituen eta 300 kidek, gutxi gora behera, galdu zuten bizia.
Epealdi berean, 45000 herritar izan ziren atxilotuak, Estatu indarrek eta parapolizialek 400 pertsona hil zituzten eta komisaldegietan 5500 tortura kasu egon ziren 1960 urtea geroztik.
1960 eta 1970 urteen artean frankismoaren aurkako eta Euskal Nortasunaren aldeko kontzientzia areagotzen joan zen, berpizkunde modura.

BIZI IZAN DUT…
1968Txabi Etxebarrieta hil zuten Olarrainen. Aurrez Pardines guardia zibila ere hil zuten Billabonan. Gero Meliton Manzanas hil zuten.1970a zen eta Burgosko Juizioak Langile mugimendua fabrika eta lantokietan, grebak, apaizen mugimenduak, kultur mugimenduak, artea, Arantzazu, Oteiza, Ez Dok Hamahiru, ikastolak… eta munduan zehar borrokak lortzen zuen elkartasunak, frankismoa ahultzen joan zen eta Frankoren heriotz ordua gerturatzen zen neurrian, frankismoa prestatzen ari zen ordezkapena burutzeko baina 1973ko abenduan Carrero Blanco hil zuen ETAk eta guk festetan jertseak airera botatzen genituen pozarren. Horrek frankismoaren jarraipen gogorra eten zuen.

1973an Txikia hil zuten eta Telesforo Monzonek Atzoko eta Gaurko Gudariak izaten zituen gogoan eta kantua egin zion: “Saseta hil zen gudarien aurrean Mendizabal hil zaigu bakarrik … eta biak herriarengatik hil bait ziren” Ikusmolde hori hedatua zen.

Txiki eta Otaegi fusilatu zituzten Kaleak sutan jarri ziren.

1975ean Franko hil zen. Erregimena trantsizioa deituriko prozesua prestatzen hasi zen.

1976an Anparo Arangoaren gorputz ubelduaren argazkiak atera ziren aldizkari batean, Tolosako kuarteletik pasa ondoren. Zirraragarriak.

Apirilean Txirrita zauritu zuten muga pasatzen ari zela. Martuteneko kartzela aurrera omen zetorren, zuloa egin eta presoak askatzera. Bere gorpua ez zen azaldu maiatza arte, seguraski Iruñean hil zuten eta mendian utzi zuten. Urkok abesti polita egin zion: Txirrita, Txirrita…

1976an, Kortabarria eta Iribarrek ikurrina atera zuten Donostian eta legalizatua izan zen

Urte haietako hildako atxilotu eta torturatuen zerrenda luzea da. Ez dira anonimoak.

1977 Amnistia legea, presoak atera ziren baina gerra zibilean hil zirenak lurpean jarraitzen zuten memoria galduan.

Estraditatuak agertzen hasi ziren.

Erreforma ala haustura hori zen eztabaida.

Bost geltoki bakearen bidean

1. geltokia: 1977an Bakea lortzeko bidean Telesforo Monzonek Xibertako Elkarrizketak bultzatu zituen frente abertzalea eratu eta estatuarekin minimo batzuk negoziatu eta gerraldi honi amaiera emateko.
Ahaleginak porrot egin zuen eta berunaren urteak etorri ziren.

1977 tik- 89 bitartean atxilotuak, hildakoak, torturatuak, atrakuak denetik izan genuen Tolosan. 78an Konstituzioari ezetza eman genion.

78an, Mikel Lopetegi atxilotu zuten.

1979 Autonomia Estatutua onartu zen. Ezker Abertzaleak kontra eman zuen.

Antonio Varela militarra San Frantzisko pasealekuan hil zuen ETAk eta Justo Elizaran Eskuindarrek.

Ondarru azken amnistiatua Izaskungo Maita baserrian hik zuen guardia zibilak.

Naparra desagertu zen eta geroztik bere omenezko monolitoa besterik ez da geratzen Lizartzako senideen baserrian.

Costas Otamendi ere hil zuten ETAk,

Josetxo Jauregi ibartarra poliziak segada batean.

81eko 23F telebistaren aurrean pasa genuen gaua.

81ean “Latza izan da” esan omen zuen Joxe Arregi Zizulkiarrak jasan zituen torturagatik hil zuten. 82an Marcelo Garciandia hil zuten GARekoek

82an Pablo Garaialde hil zuen AAAk

Joxan Lasa eta Joxi Zabala sekuestratu zituzten 83an,

rancisco Arin hil zuten CCAA

Xanti Brouard Hasi alderdiko lehendakaria hil zuten Bilbo 84an.

86an OTAn sartzeari ezetza eman genion.

Garcia Goena hil zuten iparraldean 87an

Garai hauetan politikak erakusten zidan guztia “galdu ala irabazi” parametroen artean neurtzen zen. Galtzen edo irabazten nor ari zen guzti honekin? Gogoratzen dugu nola Espainiako barne Ministro batek esan zuen: “Hemos ganado 2 a 1”, hiru hildako zirenean.

87an Udal hauteskundeak.

88ko martxoaren 2an Mikel Lopetegi urkatuta aurkitu dute kartzelan. Kartzelaren beste ondorio bat. 2. geltokia: 1989an Argeleko Elkarrizketa eta negoziazioak eman ziren.

Egoera mingarri eta larri horri bukaera jarri behar zitzaion eta ni konbentziturik nengoen elkarrizketa eta negoziazioaren bidez eman behar zitzaiola. Itxu-itxuan sinesten nuen. 1989an eseri ziren Algerren Estatuko ordezkariak, ordezkari politiko batzuk eta ETAren ordezkariak. Bilera ugari eta dokumentuak tarteko.

 

Baina aukera horrek ere porrot egin zuen.

Eta gurpilak jarraitzen zuen, hildakoak, atxilotuak, torturatuak, presoak, sakabanaketa eguneroko ogia izaten jarraitu zuen. Ez ziren anonimoak, etxe horietan latza izaten jarraitzen zuen.

89an Josu Muguruza HBko parlamentaria hil eta Esnaola larri zauritu zuten indar eskuindarrek. 89an Leo Esteban Nietok istripu larria izan zuen anaia presoa bisitatzera zihoala.

1995ean Joxan Lasa eta Joxi Zabalaren hezurrak zirela jakin zen Alacanten kare bizian erreak urte batzuk lehenago aurkitu zituzten hezurkiak. Haserre izugarria sortu zuen. Hondarribira ongietorriak joan ginenok erasotuak izan ginen. San Blasko hilerrian gorpuei lurra ematera joan ziren senitartekoak ere hertzantzak erasotu zituen. Egun beltzak izan ziren ondorengoak ere.

Ordoñezen kontrako atentatuak 85ean, Patxi Arratibelen aurkakoa 97an, Gomez Elosegirena 97an edo Miguel Angel Blancoren aurkakoek arrakala handia eraiki zutela gure gizartean begi bistakoa zen. Eskubidea urraketak beti eta guztiontzat larriak izanik ere, zibilen aurkakoak eta politikoen aurkakoek arrakala handiagotu zuten.

1997an Herri Batasunaren Mahai Nazionaleko 23 kideak atxilotu eta kartzelatu zituzten.

Tentsio giro hartan zeinek esan zezakeen urte bete beranduago Elkarrizketa eta Konponketa aukera berriak izan zitezkeela!

PNV eta Ezker Abertzalearen arteko elkarrizketak ematen ari ziren, akordioa bilatzen ari ziren eta ondorioz ETAren su-etena ere. Harremanak sendoak ziren eta seriotasunez. Horren lekuko, 98an Ertzaintzak komando baten aurkako ekintza egin eta Ina Zeberio hil, elkarrizketak jarraitu zuten eta akordioa bilatu zuten.

98an ere Egin itxi zuten Baltasar Garzonen aginduz.

 

3. Geltokia: Lizarra- Garaziko akordioa.Nire ustetan akordio hark sekulako ilusioa eta itxaropena sortu zuen. Posible ikusten genuen politika jardueraren bidez behin betirako bake justurako bideak eraikitzea eta burujabetzaren bidean aurrera egitea. Oraingoan indar eta eragile abertzaleen garaia zen. Hainbat urtetan elkarren aurka eta mokoka ibili ginenok elkarrekin Euskal herria eraikitzeko konpromisoa hartzen genuen eta bake iraunkorrera eraman.

Baina nire amets hark ere gutxi iraun zuen, nonbait aurrez hartutako akordioak betetzen ari ez zirela argudiatuz, ETAk su-etenaren haustura iragarri zuen eta bide batez atentatuak, hildakoak, presoak, atxilotuak lehen lerrora pasa ziren. Politika gailendu beharrean, samina, eskubide urraketa, indarkeria eta errepresioa gailendu ziren. Lau urte gogorrak izan ziren.

99ko irailean Esteban Esteban Nieto hil zen kartzelan hartutako gaixotasun luze batek eraginda. Ondorengo egunak beroak izan ziren kaleetan.

Zer nolako zirrara eta etsipena eragin zidan Buesaren aurkako atentatuak 2000ko otsail hartan. 2000ko maiatzean Lopez de la Calle hil zuen ETAk

Pare bat hilabete beranduago uztailaren 29an, larunbat goiz hartan Juan Mari Jauregi tirokatu zuten. Juan Mari Jauregi Gobernadore izan aurretik, zinegotzia ere izan zen Tolosako Udaletxean. Kolpe gogorra izan zen.

2001eko Inauteriak ere ez dira erraz ahaztekoa . Ostegun gizeneko festa hasi baino ordubete lehenago Josu Leonet Tolosako herritarra hil zuen ETAk PSEko zinegotzi baten aurka eginiko atentatuan.
Egun gogorrak izan ziren egun bera eta ondorengoak.

2001eko azaroan Asuntzio klinikara ekarri zituzten, Beasainen tirokatu zituzten Ana Isabel Arostegi eta Javier Mijangos ertzainak.

Eta Tolosako Udaleko zinegotzi batzuk bizkartzainak behar zituzten.

2001ean Amnistiaren Aldeko Gestorak ilegalizatu zituzten. Gero kideak preso hartu.

2003ko otsaileko goiz hartan sorpresaz hartu genuen, Martxelo Otamendi, Torrealdai, Pello Zubiria… atxiloketen berria. Egunkaria itxi zuten ( Tolosako Egunero ere bai), bertako kideak atxilotu eta espetxeratu eta noraino iristeko prest zegoen Madrilgo gobernua. Horien tortura salaketa geroztik, gai badira hauek torturatzeko zer ez ote dute egingo hain ezagunak ez direnekin? – galdetzen genuen. Tortura ikusgarriagoa egin zen.

Epaiak ez zirela errudunak erabaki zuen baina pasatakoa hor zegoen.

2003ko martxoan HB, EH, Batasuna , Segi, haika, Jarrai, Ekin, ANV. ilegalizatu zituzten. Udalbiltza 2003an ilegalizatu zuten hainbat kide atxilotu eta kartzela urteak bete behar izan zituzten, naiz eta gero errugabe deklaratu.

2003tik aurrera Ilegalizazioak zirela eta 10 urteko Ezker Abertzalearen instituziotako hutsarte luze bati eman zitzaion hasera.

2004ko martxoan Madrilen ia 200 pertsona hil zituzten islamistek atentatuan. Aznarrek hauteskundeak galdu eta PSOEk irabazi zituen. Aznar gezurteroari ordain politikoa iritsi zitzaion. Agian konponbideak azkartzeko balio zezakeen gobernu aldaketak.

4. geltokia: Loiola. Ez omen da sekula “inoiz ez” esan behar eta 2006an Ginebran, Oslon eta su- etenaren bitartean Loiolan izandako elkarrizketek akordio politiko berri bat hitzartu zuten. Gure artean itxaropena handia zen. “El Proceso” deitzen genion; hau da, behin betirakoa.

Batzarrak, bilkurak ahal genuen tokian egiten genituen, telefonoak debekatuta zeuden, zelatatuak ginela bagenekien, batzar guztien amaierarako herri irteeretan kontrolak egoten zirela bagenekien, autoa goitik behera arakatuko zituztela ere bai, papera ezin ziren eraman. hala eta guztiz ere, denak merezi zuen, elkarrizketak bide onetik zihoazen, urriaren 31an akordioa sinatzeko prest zegoen, baina hau ere hankaz gora joan zen. T4ko atentatuak hala erakutsi zuen bi hildako egon zirela. Ondoren Suitzan egindako ahaleginek ez zuten bideratzeko balio izan.

-Negoziazio eredu hau agortuta zegok esan omen zion itzulerako bidean Rufik Arnaldori. hala dio Muruak” Ekarri Armak ” liburuan
Negoziatzaileak izan zirenak atxilotu egin zituzten eta kartzelan aldi bat pasarazi.

Garbi zegoen Estatuaren ahalegina Ezker Abertzalea jardunbide politiko guztietatik kanpo jarri, zuzendaritza guztiak atxilotu, dinamika antirrepresiboak zigortu, presoak bakartu, ezker abertzaleko masa kritiko guztia etsipenera eman eta indar marjinal modura betirako zokoratzea zela.

Bitartean, Isaias Carrasco eta Ignacio Uriaren aurkako atentatuek, lehenaz gain haserrea, kontzientzia eta mingain asko astindu zituen.

Batasunak, zailtasun guztiekin eztabaida martxan jarri zuen, koadro politiko eta militanteen artean. 5.geltokia. Aieteko akordioa
2009a aurrera zihoan.

Eztabaidarako txostenak garbi azaltzen zuen: “Prozesu demokratikoak euskal herritarren hitza eta erabakia izan behar ditu oinarri eta beraz, inongo indarkeriarik edota kanpo injerentzia bidegaberik gabe garatu beharko da.”

Bide hau proposatu zutenak atxilotu egin zituzten Garzonen aginduz: Arnaldo, Rafa, Miren… Nahiago gintuzten aurreko egoeran eta errepresioari erantzuteko dinamika hutsean,politika egiten baino.

2011an Aieteko bake konferentzia egin zen eta bake bidean oinarri sendoak ezarri zituen.

2011an ETAk jarduera armatua behin betirako amaitzen zuela iragarri zuen.

Gernikako akordioa etorri zen 20012an eragile desberdinen artean. Bake bidean urrats handiak eman dira baina Estatuei Aieteko Konferentzian eskatu zitzaiena bete gabe jarraitzen dute.

Eta Bakea, ez al da lortu ba?

Ez, erabateko bakerako urrats sendoak falta dira oraindik, eraso guztiak ez dira geratu. Badakigu azken geltokia non dagoen baina ez gara ailegatu. Herri osoaren egitekoa izango da baita ere.

Zein da ba bakearen oinarria? Giza Eskubide guztiak eta guztiontzat errespetatzea eta gertatu dena berriro gerta ez dadin oinarri sendoak jartzea.

Beste ehunkada senide eta lagunek milaka kilometro egin behar izan dituzte senide presoak bisitatzera asteburu berean aurrekoetan bezala.

Eta presoak zer? Presoek ere giza eskubideak dituzte eta zentzu horretan, presoen sakabanaketarekin akabatzea, preso gaixoak eta adinduak etxeratzea, betetako zigor guztiak metatzeko eskubidea onartzea eta azken batean guztion etxeratzearen alde jardun beharra sumatzen dut nik.

Eta Biktimak? Gatazka Politikoak eta Indarkeriak, gertatu den guztietan mota desberdinetako Giza eskubideak urratu ditu, urraketa jasan dituzten guztiak dira biktimak, biktimak batzuenak edo besteenak izan dira urtetan baina bada garaia Biktima guztiak guztionak izan daitezen lan egiteko. Urraketa horietan denok dugu erantzukizunaren parte bat, autokritika beharrezkoa dugu, eta denok dugun erantzukizun horretatik, neu barne, beharrezkoa dugu biktima guzti guztien aitortza, egia, justizia eta erreparazioan lan egitea.

Egunetik egunera baldintza gehiago ditugu, desberdintasun politikoen gainetik Oinarrizko eskubide guztion alde lanean jarraitzeko. Azken geltokia urrun edo gertu egon dadin geure esku dago. Guztion esku dago. Bake eta bizikidetzaren alde pauso bat gehiago

AUTOKRITIKA
Bizikidetzaz ari garelarik maiz atera da gure artean autokritika beharraz eta horren gabeziaz. Maiz ikusi izan dugu autokritika gaia atera izan dela besteei eskatu zaionean eta gutxitan autokritika norberaren jardunari zuzendua. Horrela maiz ikusi eta entzun izan ditugu gure politikariak, autoritate moral eta etikoen jabe izanik, besteei zer eta nola autokritika egin behar duten eskatzen. Gehienetan plano politikoan erabili izan da gaia, abantaila politikoa lortzeko edo bestearekiko autoritatea erakutsi nahian. Baina bide horrek hanka motza du.

Askotan, Tolosako Bizikidetza Foroko eztabaidetan maiz aipatu izan dugu guzti-guztiok dugula autokritika egin beharra, baina bakoitzak beretik egiten duenak balio du, ez besteak jarritako termino eta mugetan egiten denak.
Autokritikak ere espazio-denbora lerroan balio bat ala bestea izan lezake, bai autokritika egiten duenarentzat bai autokritikaren jasotzailearentzat. Hau da, ez dugu berdin baloratzen nigandik gertu edo urruti gertatutakoa edota gertatu berria edo aspaldi igarotakoa denean.

Zentzu horretan autokritika subjektiboa da, norberak egiten du bere ideia, lerrokatze politiko, pentsaera, emozio eta edo momentu pertsonal batetik.

Hau esan eta gero, gure bizitza eta jardunean nik “gatazka politikoa” deitzen diodan horren gainean dudan ikuspegitik egin beharreko autokritikaz arituko naiz. Gatazka politiko horren ondorioaz eta eragin dituen biktimei begira.

Nire abiapuntua hau da:

“Biktimak dira ETAren jardun armatuaren indarkeriaz beren Giza Eskubideak urratuak izan dituztenak.

Biktimak dira, Estatuak sustaturiko talde armatuen eta eskuindar taldeen (GAL,BVE…) indarkeriaren eraginez beren Giza Eskubideak urratuak izan dituztenak.

Biktimak dira mota desberdinetako poliziaren jardunez beren Giza Eskubideak urratuak izan dituztenak.

Biktimak dira Estatu edota Gobernu desberdinen erabakimenez, kondena betetzen ari diren presoak izan eta beren Giza Eskubideak urratuak dituztenak.”

“Aitortzen dut, guztiak biktimak izanik nire jardun eta ardura pertsonaletan ez dudala gertutasun edota enpatia bera erakutsi. Nahiz eta guztien mina ikusi eta konprenitu, ni alde batzuengandik gertuago egon naizela eta besteena ez-ikusiarena egin izan dudala maiz. Batzuen defentsan eta ez besteenean, batzuekin gertu eta urrun besteekin, batzuen ahots-goragailu eta mutu besteekin.”

Jarrera eta sentipen hauek ez dira egun batetik bestera aldatzen, barneratuak ditugu, egituratuak gure gorputzean baina badut arrazionala den uste oso bat: Ondorio horiek guztiak lehenbailehen amaitu eginbehar dute eta Biktima guztiei merezi duten EGIA, JUSTIZIA eta ERREPARAZIOA aitortu.