Hasiera / 2021 / Kontakizun poliedrikoak / Errelatoa
1. Kontakizun poliedrikoa
Azken sei hamarkadetan bizi izan dugun gatazka politiko poliedrikoaren inguruko nire bilakaera pertsonalaz hausnartzen hasterakotan, etxean eta txikitan jasotako baloreetara jo dut lehendabizi, gerora izandako jarrera eta jokaera askoren oinarrian daudela iruditzen zaidalako. Familia kristau batean hezia naiz, eta hezkuntza kristaua jaso nuen eskolan: hurkoarekiko maitasuna eta errespetua, elkartasuna eta ahulekiko eta baztertuekiko begirunea txikitatik jasotako baloreak izan dira. Pentsaera hura “naif” xamarra baldin bazen ere, gaztetan, oinarri hari, ikuspegi soziala eta politikoa erantsi zitzaizkion, bizi genuen giroaren, eta bereziki, Luis Arsuaga apaiz eskolapioaren eraginez. Haren inguruan, “oinarrizko kristau komunitateen” antzeko praktikak ezagutu genituen, aniztasunarekiko errespetua landu zen (Taizé komunitatean, adibidez) eta, konpromiso sozialaren bidera bultzatu gintuen. Kritikoa zen, ordea, ernaltzen ari zen eta bortxakeriaren erabilerari uko egiten ez zion ezkerreko mugimendu abertzalearekin.
Hala ere, biolentziaren erabilerarekiko arbuioari ñabardura asko egiten zitzaizkion: gaiak eztabaida handiak sortu zituen, oraindik ere katolikotasuna nagusi zen gizarte hartan, eta hainbat eredu iraultzaile ere ontzat hartzen ziren, edo sinpatiaz begiratzen zitzaien. Nikaraguako Ernesto Cardenal apaiz sandinista zen ereduetako bat eta Hego Amerikako apaiz gerrillarien kasuak ere maiz aipatzen ziren; Kolonbiako Camilo Torres, esate baterako.
Gure belaunaldiak begiak zabaldu zituenerako ETA han zegoen, eta biolentzia politikoa ohikoa baldin bazen ere, gure hezkuntzan eta erlijio ikuspegietan, biolentzia ez zen tresna barneratua eta onartua. Baina giro horietan ere, frankismoaren aurkakoek, zenbaitetan erabil zitekeela iradokitzen zuten, eta etakideak eta frankismoaren aurkako borrokalariak “gutar”tzat hartzen ziren, zalantzarik gabe.
Balio horiekin batera, euskaltzaletasuna ere jaso nuen etxean, nahiz eta politikaz ez zen asko hitz egiten, besteak beste, familian, bi “bandoetako” partaideak genituelako. Hezkuntzari dagokionez, ia osoa erdara hutsez hartu arren, euskaltzaletasunaren aldeko mezuak ere helarazten zizkiguten Eskolapioetan: “Xabiertxo” erabiltzen zen 4-5 urtekoen geletan, apaiz abertzaleen bitartez historia gertuaren inguruko formazioa jasotzen genuen klaseetatik aparte, eta mezu euskaltzaleak eta abertzaleak ere iristen ziren ezkutuan.
Orokortzen ari zen frankismoaren aurkako giro gero eta nabarmenagoaren parte sentitzen hasi ginen. Kontzientzia eta posizio hartze horretan, biolentziaren erabileraren gaia nahikoa presente egon zela esango nuke. Sortzen zizkidan kontraesanak sakonak izan arren, errespetu handia nien bere bizitza arriskuan jartzeko hautua egiten zuten pertsonei.
Politikarekin lotutako nire lehen oroitzapenak, Burgosko prozesuarekin dute zerikusia. Jokin Gorostidi gure bizilagunen familiakoa zen eta “Radio Paris” nola entzuten zuten dut gogoan. Eta angustia handiz bizi zela epaiketa. Heriotza-zigorra kendu zieteneko familiaren lasaitua eta poza ere gogoan ditut.
Kultura politikoaren transmisioan izan zen etenaren tamainaz ohar gaitezen esango dut, ikurrina lehen aldiz ikaskide bati ikusi niola 10 bat urte nituela. Ez nekien zer zen eta hark adierazi zigun hura zela gure bandera… Kontzientzia hartzen ari ginen eta gure
iragan ezkutua deskubritzen. Grebak izan ziren bolada batean, alkate frankista baten semea zen ikaskide bati entzun nion antolatzaileak “komunistak” zirela, eta ezin sinisturik geratu nintzen, ordura arte, pentsatzen nuelako, komunistak bakarrik Errusian zeudela… Komunistak Tolosan??? Nola egongo ziren komunistak Tolosan? Deskubrimenduzko testuinguru hartan, 11-12 urte nituela, greba egun batean (ez dut gogoan zein zen grebaren arrazoia), erabaki nuen ez nintzela eskolara joango eta ondoezik nengoen aitzakiarekin etxean geratu nintzen. 15 urte bete berri nituela, joan nintzen lehen aldiz manifestazio batera. Amnistiaren alde Tolosan egin zen manifestazio handi hartara bakarrik joan nintzen etxean ezer esan gabe, eta garaitsu hartan ere bakarrik joan nintzen Beotibar pilotalekuan egin zen jaialdi erraldoi batera.
Nire bilakaeran garrantzia handia izan zuten ere Abaigarko Euskal Udalekuek. Hazia barruan eramango nuen, baina nire kontzientzia euskaltzale eta abertzalea Euskal Udalekuetan piztu zen. 13 urterekin, bat-batean euskaraz eta euskal kulturan murgilduta pasa genituen bi aste eta han beste mundu bat deskubritu nuen: euskaraz bizi zitekeela ikusi nuen, Euskal Herri ezezaguna, inork inoiz kontatu gabeko gure historia, abesti berriak, erabateko giro antifrankista…
Giro hartan joan zen osatzen nire pentsamendu euskaltzale, abertzale eta ezkertiarra. Izpiritu eta ideia horiek ziren etorkizuna; eta borrokatzen genuen estatua, eta hark ordezkatzen zuena, gainditu beharreko iragana. “Gu” eta “haiek” oso ondo bereizita zeuden, eta “gutarren” artean, barne-borroka handiak baldin bazeuden ere, ez zuten zerikusirik aurrean genuen estatu atzerakoi eta zapaltzailearekin. Gazte garai hartan, ezkerreko aukera abertzaleetatik kanpo, gure inguruan behintzat, ez zegoen bestelako aukerarik. Hortik kanpokoak ez ziren aukerak guretzat: etsaiak ziren, edo oso urrun sentitzen genituen alternatibak (pnv, psoe, pce…). Ez ni eta ez nire inguru hurbilekoak ez ginen integratu inongo erakunde politikotan, baina enfrentamendu giro hartan hazi ginen. Estatu frankistaren aurkako enfrentamendu giroan, non antifrankisten eta abertzaleen arteko barne-borrokak ere ez ziren hutsalak… Ekintza batzuk, ez zitzaizkigun egokiak irudituko, baina “gerra” klabean ulertzen genituen: “dabilenak hanka sartzen du eta dabilenari gertatzen zaio…”. Benetako biolentzia, ordea, estatu frankistarena zen. Garai hartan, gure iritziak emateko aukerarik ere ez genuen (ezta burutik pasa ere), baina bestela ere ez dut uste balorazio etikorik egingo genuenik; ez zegoen tarterik kritiketarako. Gainera, munduan zehar gertatzen ari ziren iraultzak ere sinpatiaz begiratzen genituen, eta guzti-guztietan biolentzia erabiltzen zen. Gandhiren irudia aipatzen zen eskolan eta kristau-giroetan, baina antzeko eredurik ez zen ikusten gure inguruan. Eta eztabaida sakonak ere sortzen ziren: Ghandiren jokaerarekin suntsituko al zen nazismoa? Edo Hego Amerikako diktadurak?
Gazte garai hartan, Tolosan ia astero zeuden manifestazioak, eta ia astero “jaisten” ziren “grisak” edo guardia zibilak. Alegia, estatuaren biolentzia astero ikusten genuen gure begien aurrean. Atxiloketak eta errepresioa ere eguneroko bizitzaren parte ziren, poliziaren tiroen ondorioz hildakoak edo zaurituak, torturak… Eta, nola ez, ETAren atentatuak eta hilketak, pintadak, grebak, panfletoak… Ekintza-errepresio zurrunbilo betean geunden, eta horixe zen gure ekosistema. Eta ekosistema hartan, gu alde batean geunden, eta estatua eta bere inguruko indarrak beste aldean. Banaketa sinplea zen, eta gazte eta ikaskideen artean, ia inork ez zuen zalantzan jartzen (publikoki behintzat). Biolentziaren erabilera, sistema frankistak berak eragindakoa zen, eta ETAren (adar desberdinen) helburuak, jende gehienaren asmoekin bat zetozen. Eguneroko errealitateak indar handiagoa zuen gure kontraesanek baino.
Nire mentalitatetik ez nuen ongi ikusten hiltzea, baina giro hartan ulertzen nuen jende batek, beste bide garbirik ikusi ezean, eta nazioarteko beste hainbat herrialdeetako esperientziei jarraiki, borroka armatuari ekin izana. Uste dut horixe izan zela Euskal Herriko jende askoren abiapuntua: agian ez geunden (erabat) ados, baina hautu (arriskutsu hura) ulertzen genuen, eta neurri handi batean, errespetatzen eta miresten. Helburu berak lortzeko bide desberdinak aukeratutako jendea zen hura.
Frankismoa amaitu eta trantsizioa etortzearekin batera, adin-nagusitasuna heldu zitzaidan eta botoa emateko aukera. Garai hartan, estrategia politikoarekiko eta biolentziaren erabilerarekiko eztabaidak ugaritu egin ziren: mili eta polimilien arteko eztabaida, estatutua bai ala ez, erreforma ala haustura, Trantsizioaren hasiera hartan, etenik (“ruptura democrática”) ez zela izango aurreikusten zen. Alegia, Konstituzioan autodeterminazio-eskubiderik ez zela onartuko, demokraziaren kalitatea ez zela oso handia izango eta frankismoaren erakundeak eta pertsonak mantendu egingo zirela. Benetako demokrazia baten etorrera baino, frankismoaren erreformatzat hartu genuen egoera berri hura.
Nire lehen barne-eztabaida, estatutuaren bozketarekin etorri zen. Orduan, nire burua Euskadiko Ezkerraren eta ETA pm-ren aldekoagotzat nuen, nahiz eta ez militantea izan. Manifaren batean eta bileraren batean hartu nuen parte, baina ezer gehiagorik ez. Zalantza handiak izan nituen arren, azkenean baiezko botoa ematea erabaki nuen. Hurrengo urteetan, berriz, EEk eraman zuen bilakaera ideologikoa batetik, eta harreman pertsonalak eta euskalgintzan ezker abertzaleak zuen presentzia eta konpromiso sendoagoa bestetik, ezker abertzalera gerturatu nintzen. Ez nintzen, ordea, barne- egituretan inplikatu, besteak beste, borroka armatuarekiko sentitzen nuen distantzia ideologikoarengatik. Esparru hura gertukotzat sentitzen nuen, ez ordea, biolentziaren erabilera, bere mota desberdinetan. Kontraesan horrekin bizitzera ohitu nintzen.
Garai haren ezaugarri bat zen, ETAk kolpe gogor bat eman eta gizartea mobilizatzen zenean, estatuak are kolpe gogorrago batekin erantzuten zuela. Giro batzuetan, ekintza horiek sortzen zuten egonezina hain zen handia, “esku beltza”ren teoria askotan aipatzen zela. Alegia, infiltraturen bat zegoela estatuan, eta gizarte-mobilizazio indartsuak gertatzen zirenean, inpaktu negatibo eta arbuio handiko ekintzak burutzen zituela kontrapisu-lana eragiteko. Oso oker ez banabil, Lemoizko ingeniari Ryan 1981eko otsailaren 6an hil eta astebetera Joxe Arregi torturapean hil zutenean entzun nuen lehen aldiz teoria hori. Biolentziaren espirak bete-beteko garaia zen hura.
Urte haietan, nire inguruko jende ezaguna ere sartu zen ETAn. Batzuk atxilotu egin zituzten, eta bisita haiek zirela medio ezagutu ahal izan nuen zer zen dispertsioa eta zer nolako eragina zuen presoen ingurunean. Beste batzuek alde egin zuten, eta Iparraldera joaten ginen bisitan noiz edo noiz. Baina horien artean, apartekoa izan zen Lasa eta Zabalaren kasua. Joxi Zabala ezaguna nuen, eta oso gogoan ditut, desagerpenaren inguruko lehen egun haiek. Manifestazioak, gertatzen ari zenaren inguruko zalantzak, hilko zituzten segurantzia nola joan zen zabaltzen pixkanaka itxaropen guztiak itzaliz… Mina eta amorrazioa sentitzen genuen. Min eta amorrazio handia.
Garai hartan ordea, ez genuen horrelako minik sentitzen ETAren atentatuen inguruan. Kasuren batean, egonezina sentituko genuen (hildakoak zibilak edo Tolosakoak zirenean, batez ere), ez ginen ados egongo… baina ez genuen min bera sentitzen. Ezta gutxiagorik ere.
Ez genuen min bera sentitzen, baina denborak aurrera egin ahala, askoren egonezina gero eta handiagoa bihurtu zen. Tartean nirea. Jende gehienaren antzera, nire bilakaeran ere, badira jarrera aldaketara eraman ninduten momentu eta ekintza jakin batzuk, jauzi bat suposatu zutenak, batzuetan barnekoiagoa, eta beste batzuetan agerikoagoa. Oso litekeena da, bestelako gertaera, ekintza eta hausnarketak ere tartean egon izana, baina ondoren aipatuko ditudanak ditut bereziki gogoan, une honetan.
Badira, gizarte osoa eragin zuten neurrian, nigan ere, bortxakeria onartzen edo jasaten zen eremuetatik progresiboki urruntzera eraman ninduten inpaktu sozial handiko ekintzak: Yoyesen hilketa bere semearen aurrean, Hipercor, bonba-autoen erabilera, Gregorio Ordoñezen eta politikarien hilketak, sufrimenduaren sozializazioaren garaiak…
Baina horiez gain, badira beste gertakizun batzuk, nigan eragin berezia izan zutenak. Hasteko, Leitzarango autobidearen aurkako mugimendua aipatuko nuke. Partaide izan nintzen mugimendu hura, desobedientzia ez biolentoan oinarritu zen, baina azken fasean ETA sartu zen, eta sekulako ezinegona sortu zuen mugimenduaren barruan. Hantxe izan zuen ernamuina, ondoren sortuko zen Elkarri mugimenduak, eta niretzat, eragin handikoak izan ziren garai hartan Jonan Fernandezek eta Sabino Ormazabalek biolentziaren erabilerari (erabilera-mota bati, behintzat) egindako kritikak. Horregatik, 1992an Elkarri sortu zenean, hasiera-hasieratik egin nintzen partaide eta bere ibilbide luzean hartu nuen parte. Baita Lokarrin ere ondoren, desegin zen arte. Elkarrik eskaini zidan, bi bloke kontrajarriak gaindituz, nozitzen genituen biolentzia desberdinak gaitzetsi eta konponbiderako estrategia baten alde egiteko aukera.
Eta zergatik ez nuen borroka armatuarekiko iritzi kritikorik adierazi lehenago publikoki? Arrazoi bat baino gehiago aipa nitzake, baina nagusienen artean honako hauek nabarmenduko ditut:
– Euskal Herriko gizartearen zati handi bat bezala, soziologikoki eta politikoki, biolentzia zerabiltenengandik gertuago sentitzen nintzelako, biolentzia hori jasaten zuten estatuaren kide zirenengandik baino. Biolentziaren erabileraren bilakaerak eta luzapenak eraman gaitu asko, harreman ideologiko-pertsonal hori lehenago edo geroago etetera.
– Oso bloke enfrentatuak zeuden, tarteko espazio gutxirekin. “Distantziakide”tzat hartzen ziren tarteko jarrerek bateko eta besteko kritikak jasotzen zituzten. Alde batean ala bestean zeunden, eta “lote” osoarekin zeunden batean ala bestean. Oso gutxi ziren ahots “independenteak”. Nik ez nuen garai hartan nire burua halako posizio bat hartzeko indarrarekin ikusten.
– Beldur asko eragiten zuen halako kritika publiko batek.
· Batetik, ezker abertzaleko sektore batzuetatik etor zitekeen erantzunaren eta markajearen beldurra zegoen (Tolosan bertan, banituen inguruan horrelako adibideak).
· Bestalde, era honetako kritika edo agerpen publikoak maiz, estatuaren diskurtsoak eta estrategia politikoak integratu eta manipulatu egiten zituen. Eta estatutik bultzatzen ari zen errepresioa eta “euskal auzia”rekiko politikak aintzat harturik, nola egingo genuen bat, biolentzia egoeraren erantzulea zen estatuaren aldekoekin eta hilketak, torturak, etab. bultzatzen zituztenekin?
·Eta azkenik, behin iritzi kritikoak ematen hasita, gertatzen zen guztiarekiko iritzi bat eman beharraren dinamika eromenezkoan sartzearen beldurra ere bazegoen.
Isilkako urruntze horretan, beraz, lehen etapa batean, nire desadostasuna ingurukoekiko harremanetara mugatu zen. Manifestazio batzuetara joateari utzi, zigor-botoak, esparru edo ekimen batzuetatik aldendu…
Ez dut gogoan data zehatza, ezta zein zen deialdiaren arrazoia, baina Elkarri sortu aurreko urteetan Tolosan egindako manifestazio bat izan zen. Garai hartan, maiz hartzen nuen parte Tolosan presoen aldeko edo atxiloketen aurkako manifestazioetan, nahiz eta garrasi batzuk edo jokaera batzuk deserosoak egiten zitzaizkigun berauetan parte hartzen genuen batzuoi. Egun hartan, manifestazioan Zumalakarregi kaletik Triangulo aldera gindoazenean, emakume bat manifestazio erditik atera eta koktel bat bota zuen Banco Guipuzcoano barrura, sutea eraginez. Denbora luzea neraman hausnartzen, “masiboagoak” ziren mobilizazioez nola baliatzen ziren batzuk, gero ekintza biolentoak burutzeko, nahiz eta bertan parte hartzen genuenon artean asko ez bat etorri ekintza horiekin. Baina, huraxe izan zen, pazientziaren neurria gainditu zuen ekintza niretzat. Manifestaziotik atera eta erabaki nuen ez nintzela manifestazio haietara itzuliko, horrelako jarrerek irauten zuten bitartean behintzat. Eta urte batzuk pasatu ziren berriro Tolosan era horretako manifestazio batera itzuli arte; horrelako ekintzak desagertu, eta diskurtso berriak azaldu ziren arte.
Estatuaren hilketen aurkako hainbat manifestazio eta protesta-ekintzetan hartu izan dut parte gaztetatik. Lehen aipaturiko arrazoiengatik ez nuen, ordea, parte hartzen ETAk eragindako hilketen aurkako ekintzetan. Gero eta jasangaitzagoa zitzaidan, ordea, isilik egotea eta nire egonezina publikoki adierazteko aukera eman zidan Elkarrik. Biolentzia guztiak kritikatzeko aukera.
Jarrera aldaketa praktikoa, ordea, 1997an hasi zen. ETAk Javier Gomez Elosegi hil zuenean. Bera ezagutzen ez banuen ere, bere familiako kide asko ezagutzen nituen eta hilketa zentzugabea egin zitzaidan edozein aldetatik begiratuta. Baina, zalantzan egon banintzen ere, ez nuen publikoki nire jarrera azaldu. Isildu egin nintzen. Ez nintzen kalera atera. Eta handik egun gutxira, Herri Batasuneko mahai nazionalaren epaiketa zela eta, epaitua izan behar zen pertsonetako batek deitu zidan nire atxikimendu publikoa eskatzeko, eta esan nion, epaiketaren kontra egin arren, ez nuela publikoki adierazpenik egingo, hain zuzen ere, egun batzuk lehenago ETAk hildako Gomez Elosegiren kasuan ere isilik egon nintzelako. Elkarrizketa oso gogorra egin zitzaidan, banekielako ezagutzen nuen pertsona hura kartzelara joango zela, baina barruak agintzen zidan ezin nuela “alde baten” sufrimenduaren aurkako jarrera publikoarekin jarraitu, pauso bat eman arte eta publikoki ETAren estrategia kritikatu arte. Ez nintzen gustura geratu egindakoarekin, baina hura izan zen, nire jarrera kritikoa publiko egiteko behar nuen “isiltasun” aldia.
Handik aurrera, nire jarrera publikoa Elkarrirekin lotu nuen neurri handi batean, eta ez sistematikoki, baina ETAren hainbat hilketen aurkako kontzentrazio eta manifestazioetan ere hartu nuen parte, bai Miramonen egiten ziren elkarretaratzeetan, eta baita inoiz, Tolosan egindako manifestazio edo kontzentrazioetan. Ez sistematikoki, ordea, nahiz eta garai horretan ezagutzen nituen pertsonak ere hil zituen ETAk: Juan Mari Jauregi edo Jose Luis Lopez de la Calle, esate baterako. Eta mehatxupean zeuden ezagun batzuk ere hasi ziren bizkartzainekin ibiltzen (Garbiñe Biurrun datorkit gogora bereziki). Halere, lehen aipatutako beldurren eraginez, ez nintzen gai izan, askotan, nire gaitzespena publikoki azaltzeko, eta kalera ateratzeko.
Politikoki, inongo militante inoiz izan ez banaiz ere, Aralar sortu zenean, nire babesa azaldu nion, eta 2003ko Foru-Aldundietarako hauteskundeetan bere zerrendetan hartu nuen parte estrategia aldaketaren eta borroka armatuaren amaieraren premia nabarmentzeko gizartearen aurrean. Testuinguru horretan, 2003ko abenduaren 12an Martin Ugalde kultur parkean, euskal kulturaren hainbat ordezkarik, ETAri menia eskatuz egin zen kontzentrazioan ere parte hartu nuen.
Posizionamendu publiko horiekin batera, bestalde, beste hainbat sufrimendu eta giza- eskubideen urraketa salatzen jarraitu dut urteotan, nire buruarekin modu koherenteagoan jokatu nahian, nahiz eta kontraesanak eta hutsuneak izaten jarraitzen nuela eta dudala aitortu. ARGIAn nengoen lanean, esate baterako, 2003an Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean, eta beste batzuen artean Pello Zubiria gure lankidea atxilotu zutenean. Aste osoa pasa genuen Madrilen non zegoen ez genekiela, beste atxilotuek jasandako torturen berri jasotzen genuen bitartean (Martxelo Otamendi tartean). Nire bizitzako asterik txarrena izan zela esango nuke. Aste hartan oso gertutik sentitu nuen nolakoa zen estatuaren indarra eta ankerkeria.
Bizipen eta hausnarketa konplexu, batzuetan mingarri eta beste batzuetan itxaropentsu hauek, eraman ninduten, taldeko beste kideekin batera, Tolosako Lokarriko taldea amaitutzat eman beharrean, lanketa zabalago bat proposatzera eta Bizikidetza taldea osatzera.
Eta taldean, garbi ikusi dugun bezala, denok dugu, gutxiago ala gehiago autokritika egiteko beharra. Niri dagokidanez, aitortuko dut, isiltasuna lehenago eta ozenago hautsi behar nuela. Isiltasun hura gehiagok eta lehenago hautsi izan bagenu, sufrimendu asko aurreztuko genuen. Beldur gutxiagorekin eta ausardia gehiagorekin ez jokatu izanaz damu naiz. Giza-eskubideen diskurtsora beranduegi iritsi nintzen.
Gizarte gizatiarrago bati begira eta elkarbizitza sanoago bati begira, garrantzitsua da eragindako sufrimendua eta egindako mina aitortzea, eta gertatutako giza-eskubideen urraketa guztiak deitoragarriak direla aitortzea. Besteek aitor ditzaten itxaron gabe, eta kalkulu politikoetatik kanpo. Ez dut horrelakorik espero estatuaren aldetik, baina euskal eragileen aldetik horrelako adierazpen zintzoak jasotzea oso onuragarria litzatekeela iruditzen zait etorkizunera begira.
Etorkizunera begira ere, ezinbestekoa iruditzen zait giza-eskubideen inguruko diskurtsoa zabaltzea belaunaldi gazteen artean. Eta horrekin batera, konpromisoaren, justiziaren, bakezaletasunaren, demokraziaren, tolerantziaren eta berdintasunaren aldeko ideiak. Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketan, hainbat buruzagi katalanen aldetik jasotako diskurtsoak eredugarriak iruditu zaizkit zentzu horretan.
Eta hari honi jarraituz, asko kezkatzen nauen azken hausnarketa bat. Munduko gatazka askoren iturria lurralde-auziak izan dira eta dira. Eta gatazka horiei, edo soluzioak bide politiko eta demokratikoetatik ematen zaizkie (eta horretarako biderik egokiena “erabakitzeko eskubidea” dela iruditzen zait, gizartearen gehiengoaren iritziann oinarritzen delako), edo “indartsuenaren legea” (estatuaren indarra eta legea) beste irtenbiderik eskaintzen ez bada, oso litekeena da lehenago edo beranduago, berriro ere, gatazka egoerak sortzea.
Tolosan, 2019ko ekainaren 22an