2020-2021 Kronika

Hasiera / 2020-2021 / Kronika

Desadostasunaren kudeaketa eta Foroaren ibilbidea jasotzeko webgunearen lanketa.

2020ko urtarrileko bileran, adostasunerako beste proposamen bat lantzen da. Proposamenak ez du forokide guztien oniritzia jasotzen, eta adostasuna lortzen lagundu beharrean, ikuspegiak uste baino aldenduagoak direla ikusten da. Kontuan harturik gaia 2018ko irailean lantzen hasi zela eta izandako elkarrizketetan aurreratutakoa, haserrea, ulertu ezina eta inpotentzia gailentzen dira forokideen artean. Dokumentua adostua izan behar duela onartu izanak testuarekin aurrera egin nahi dutenentzako mugatzailea dela adierazten da. Aurrera egiteko elkarrekin joan behar izanak Foroan gutxienekoak diren iritziei ematen dien beto eskubidea jartzen da mahai gainean.

Hurrengo bileretan egoera nola kudeatu lantzen da. Alde batetik, taldekide batek orain arte landutako testua onartzea ezinezkoa egiten zaiola adierazten du, non eta ez den berarentzat ezinbestekoa den idazkera edo ikuspegi bat onartzen. Beraz, desadostasuna jasotzea onarturik, hau jasotzeko bi proposamen lantzen dira: testuan bertan asterisko batean sartu edo beste dokumentu batean horrek sortutako eztabaiden kronika jaso. Bestalde, adostasuna lortze aldera izandako elkarrizketetan testuak aldaketak izan ditu, baina egoera ikusita orain arte taldearen adostasun zabalena izan duen testua berreskuratzea adosten da.

Covid egoerak Foroaren bileren maiztasunean, lan egiteko moduan eta maila pertsonalean eragiten du. Alde batetik, zenbait bilera telematikoki egiten dira eta bestetik hilabete luzeetan bilerak eten egin dira. Irailean berriz ere bilera dinamika berreskuratzen da eta orduan Foroaren ibilbideari amaiera emateko epea adosten da: abendua.

Hurrengo bileran, berriz ere testuaren inguruko adostasuna lantzeko proposamen berri bat egiten da, behin proposamena landuta, dagoeneko desadostasun nagusia non den berresten da. Beraz, ahalegin honi bukaera ematen zaio eta aurreko bileretan onartu bezala, desadostasuna jasotzeko modua lantzen da. Hauek dira lanketa honen azken helburuak: egungo egoera zintzoki adieraztea eta forokide guztiei tokia ematea. Izandako elkarrizketen bitartez, adostasun zabalena lortu duen idazkera fintzen da eta testua onartzen ez duen pertsonaren desadostasuna “asterisko” batean jasotzea adosten da.

Asteriskoan zer jaso luze eztabaidatu ondoren, azkenik, bertan adostasuna eragotzi duen ikuspegia adierazten duen idazkera proposamena jasotzea adosten da. Puntu honetan, desadostasuna izen-abizenekin azaldu ala ez eztabaidatzen da. Azkenean 2021eko otsailean eta Kontakizun etikoa taldearen dokumentua den neurrian, desadostasunak taldeko zein kidek adierazi duen ez jasotzea onartzen da. Beraz, Kontakizun Etikoaren behin betiko testua, asteriskoa barne, aho batez onartzen da.

Bestalde, azken bileretan, Foroaren ibilbidearen kronika kronologikoa azaltzeko egitura zehatz eta argi baten beharra ikusten da. Foroaren prozesua publikoki modu pedagogiko eta ulergarrian zabaltzeko modua aztertzen hasten da. Azkenean, webgune bat sortzea adosten da eta proiektuarekin aurrera egiteko Tolosako Udalaren diru-laguntza eskuratzen da. Bertan sartuko diren kronikak forokideen oniritzia izan dezaten, hauen lanketa egiteko prozedura desberdinak aztertzen dira. Kronikak egiteko lanketak bere denbora hartzen du eta azkenean lan hau ekainean amaituko dela aurreikusten da. Bestalde, hizkuntzari dagokionez eta Foroaren ibilbidea ahalik eta gehien zabaltze aldera, kronikak itzultzea erabakitzen da. Horretaz gain, zortzi urtetako ibilbide luzean dokumentu eta akta franko sortu dira. Etorkizunean ikerketa mailan mugitzen diren pertsonentzako interesgarriak izan daitezkeelakoan, dokumentu eta akta horien gordailuaren gaia lantzen hasten da. Udal ordezkariekin izandako harremanen bitartez, Udaletxeko artxiboan gorde daitezkeela ikusten da, bertan Foroaren legatua utziz.

Kontakizun poliedrikoei dagokionez, aurreko urteetan forokide bakoitzak bere kontakizuna eta autokritika ariketa pertsonala jasotzen duen dokumentua landu du. Otsailean Kontakizunak ere publiko egitea adosten da eta ondoren sinatu ala ez sinatu eztabaidatzen da. Funtsean norberak bere hitzen ardura hartzen duela eta kontakizunak publiko egiten diren neurrian inor ez duela ezkutatzeko asmorik partekatu arren, sinatzearen inguruko ikuspegi desberdinak adierazten dira. Forokide guztien behar eta ikuspegiak barneratuko dituen irtenbide bat bilatzeko saiakerak egin ondoren, azkenean forokide bakoitzari sinatzeko edo ez sinatzeko askatasuna ematea adosten da. Ikusita batzuek sinatzea erabakitzen dutela eta norberaren erabakiaren zentzua ulertzeko, erabaki bakoitzaren arrazoiak jasotzea adosten da.

Urtea aurrera doa eta lanketa gehienak aurreratuak eta bideratuak, ekaineko bileran, Foroaren azken ekitaldia urrian egitea aurreikusten da. Bertan, webgunea baliatuz foroaren ibilbidea azaltzea aurreikusten den bezala, geldituko den eskuorri bat ere egitea adosten da. Azken eskuorria egiteko berriz ere Zigor Agirrezabalari eskatzen zaio laguntza.