2019 Kronika

Hasiera / 2019 / Kronika

Foroaren itxiera fasea antolatzen, egindako ibilbidea balioan jartzen eta azken adostasunak kudeatzen.

Aurreko urtean, lau forokidez osaturiko lantaldea osatzen da. Talde honek azaro-urtarrila bitartean bi bilera egiten ditu eta Foroaren ibilbidearen ondorioak antolatzeko lan eskema bat irudikatzen du. Eskema horretan jasotako lanketa bakoitzak bere prozedura eta arduradunak izatea aurreikusten da. Hona hemen aurrerantzean Foroaren lana gidatuko duen eskema: 1. Foroaren sorrera azalduko duen dokumentu bat landu, 2. Foroaren ibilbidearen kronika kronologikoa, lanketa honek aurrekoa bezala taldekideen oniritzia izan beharko du, hau da, jasotakoa egia dela onartu, 3. Kontakizuna(k) eta ondorioak, atal honetan: bakoitzak egingo duen kontakizun poliedrikoa, forokideek adostu beharreko kontakizun etikoa eta etorkizuneko bizikidetzarako partekatzen diren printzipioak jasoko dira. Landutako proposamen berriaren helburu nagusia Foroaren ibilbide guztia modu ulergarrian plazaratu eta balioan jartzea da, aurreikusitako folioaren estutasuna gaindituz.

Bestalde, urtarrila hasieran eta taldekide baten bitartez, Foroari zuzenduriko proposamen bat iristen da. Alberto Letamendi eskultoreak, San Frantzisko pasealekuan, “Elkarri Begira” izeneko eskultura bat jartzeko asmoa adierazten du. Bere egitasmoa Tolosako Udalarekin lantzen hasten da eta bizikidetzari ekarpen bat izan nahi duen neurrian, Foroa ere egitasmoan parte hartzera gonbidatzen du. Parte-hartze mota erabakitze aldera e-mailak trukatu eta bilera bat antolatzen da. Azkenean, foroak ekimenaren baitan antolaturiko ekitaldietan parte hartzen du, besteak beste otsailaren 9ko aurkezpenean, 2014ko azaroaren 10ean, Foroak biktimei zuzenduriko mezu adostua irakurriz.

Martxoaren 30ean, oraingoan ere larunbataz, sei hilabetetako bileren etenari amaiera ematen zaio, Zaharren Egoitzako lokaletan egindako bilera batekin, eta Lan Taldeak Foroaren ibilbidearen ondorioak lantzeko sorturiko lan proposamena aurkezten du. Aurkeztutako eskema eta lan prozedura onartu egiten da, eta jada zenbait lanketa oso aurreratuak daudela ikusten da. Besteak beste, foroaren sorrera azaltzen duen dokumentua (Kikek egindakoa) eta foroaren bilakaeraren urtez urteko eskema kronologikoa. Azken hori forokide batek (Martinek) egindakoa, 2013. urtetik hasita gaur arte sorturiko akta eta dokumentuak, bai eta trukaturiko e-mail guztiak arakatzeko lanketa zuhurra eta tinkoa suposatzen du. Egindako lan hori oinarri harturik dinamizatzaileak urtez urteko kronikak lantzeari ekin dio eta orain arte egindakoa ere aurkezten du. Beraz, lan hauek zenbait kideren esku gelditzen dira eta ondorengo bileretan aurkeztutakoa elkarrekin aztertu, zuzendu eta onartzeko unea iritsiko da. Ondoren, forokide guztien parte-hartze aktiboa eskatuko duten lanketak azaltzeari ekiten zaio. Hau da, Kontakizun poliedrikoa eta kontakizun etikoaren lanketak.

Kontakizun poliedrikoei dagokienez, kide bakoitzari bilera desberdinetan egindako euren ibilbidearen kontakizuna edo bidalitako idazkiak helarazten zaizkie. Hori oinarri harturik aurrerantzean geldituko den banakako kontakizuna egiteko azken aukera eskaintzen da. Kide bakoitzak idazteko estilo desberdinak izango dituela onarturik, kontakizun guztien arteko koherentzia minimo bat bermatzeko zenbait irizpide adosten dira: 1. egitura aldetik bi ataletan banatuko dira: norberaren ibilbidea eta ibilbidearen irakurketa autokritikoa; 2. idazterakoan kontuan hartzekoa: bakoitzarentzat garrantzitsua dena jaso, norbera lasai gelditzea idatzitakoarekin eta modu ulergarrian jasotzea. Printzipioz ez da adosten kontakizunekin zer egin, beraz hasiera batean eta zintzotasuna bermatze aldera, barrura begira idaztea proposatzen da, ariketa bukatutakoan idatzitakoarekin zer egin eta idazki bakoitza sinatzea ala ez erabakiko dela adosten da. Kontakizunak ez dira adostuak izango, guztien batuketak foroaren Kontakizun korala suposatuko du. Azkenik, lanketa hau burutzeko epe muga bat jartzen da, maiatzak 1.

Kontakizun etikoari dagokionez, aurreko urtean lantzen hasitako dokumentua hartzen da oinarri. Dokumentua giza eskubideen irizpide partekatua kontuan harturik idatzi dela gogorarazten da. Adostasun batera iriste aldera bakoitzaren ikuspegi politikoak gainditu eta partekatzen diren printzipioetan begirada jartzea eskatzen da. Beraz, hau izango da aurrerantzean adostu beharreko azken dokumentua. Azkenik, egindako lan proposamenean puntu berri bat jasotzen da, etorkizuneko bizikidetza gidatu ditzaketen oinarriak finkatzea. Gai hau lantzerakoan partekatzen dena eta ez dena aztertuko da.

Bileraren bukaeran datozen bileretako egutegia finkatzen da eta aurrekoetan bezala elkarrekin bazkaltzen dugu. Bazkaria, Mattin Amundaraineri omenaldi txiki bat egiteko baliatzen da, elkarrin lehenik eta Foroaren sorrerarekin ondoren gaur arte bizikidetzaren eta elkarrizketaren alde egindako ibilbideari. Mattin azaroan zendu zen, 87 urte zituela.

Hurrengo hilabeteetan kide bakoitza bere kontakizuna bidaltzen hasten da, eta urte bukaera arte, bost bilera egiten dira. Hauetan nagusiki hiru dira jorratutako gaiak: Kontakizun poliedrikoekin zer egin, Kontakizun etiko partekatua adostu eta Bizikidetzaren oinarriak zehaztu.

Irailean Kontakizun poliedriko gehienak jasota forokideen artean banatzen dira. Orokorrean hustuketa eta biluzte ariketa bat izan dela partekatzen da, hala aipatu diete etxekoek irakurritakoan ere. Bestalde, desberdinak izan arren osagarriak bezala ikusten dira. Kontakizun etikoaren eztabaidarekin aurrera jo ahala, testua oso oinarrizkoa dela partekatzen da, bai eta bakoitzak adostasunaren alde berarentzat garrantzitsuak diren gaiak bazterrean utzi dituela argitu ere. Hala ere, adostasuna lortzeko zailtasunak aurkitzen dira eta urte batean testuaren inguruko lanketa asko aurreratu ez dela partekatzen da. Hurrengo bileretan, gaia lantzen jarraitzen da, baina elkar ulertzeko saiakera zintzoak egin arren, aurrera egiteko zailtasun handiak aurkitzen dira. Zenbait gairen inguruko elkarrizketak behin eta berriz errepikatzeko sentsazioa gailentzen da. Orain arte landutako beste dokumentuez haratago ez doan testu baten inguruan adostasun minimo batera iristeko zailtasunak egonezin handia eta frustrazio puntu bat eragiten du taldekideengan. Foroaren ibilbidea asko luzatzen ari denaren sentsazioa partekatzen da eta azken fase honetan nekea da nagusi. Aurreikusitako bizikidetzaren oinarrien lanketa, nolabait orain arte izaten ari diren eztabaidetan lantzen ari dela ikusten da eta horren inguruko lanketa zehatza ez egitea adosten da. Beraz, azken indarrak kontakizun etikoa adosten eta foroaren ibilbidearen kronika egitera bideratzea egokia ikusten da, bai eta itxiera fase hau 2020ko ekainean bukatutzat ematea ere.

Urtearen azken bilera azaroan egiten da. Foroa jada kontakizun etiko partekatu bat lortzeko saiakerari uko egiteko zorian da, nekea nabarmena da. Hala ere, eta egindako ibilbidea kontuan izanik, bukaerara elkarrekin iristeko azken saiakera bat egitea ontzat ematen da. Alde batetik, adostasuna lortzeko azken saiakera bat egitea onartzen da. Hau bideratzeko, azken bileretan desadostasun gaindiezina bilakatu den gaiaren inguruan jasotako ikuspegi desberdinak kontuan hartzen saiatuko den idazkera berri bat proposatuko da, batzuen eta besteen beharrak eta mugak kontuan harturik. Hala ere, adostasuna posible ez balitz, jada adostutakoa balioan jartzeko eta inor kanpoan ez uzteko, desadostasuna onartzea eta jasotzea adosten da. Azken egoera honetan, desadostasuna non eta nola jaso erabaki beharko litzateke.

Azkenik, hurrengo urteari begira, oraindik bukatu ez diren foroaren ibilbidearen kronikak bukatzeko konpromisoa hartze da eta foroaren Blog bat sortzeko asmoa berreskuratzen da.