Hasiera / 2018 / Kronika
Herritarrei zuzenduriko ekitaldiak antolatzeari usten zaio eta indar guztiak barne hausnarketan jartzen dira.
Foroak, 2018ko urtarrilean berriz ere larunbat goiz bat hartzen du “errelatoaren” gaiari bultzada emateko. Horretarako, “sintesi dokumentuaren” hirugarren zirriborroa eta aurreko urteetako zenbait akta esanguratsu baliatzen dira. Elkarrizketan, azken urteetan iraganaren irakurketa historikoa, politikoa eta humanoa modu zabalean egiteko aukera izan dela partekatzen da. Gu testuinguruan non ginen partekatzean izandako begirada eta kokaleku anitzak eta kontrajarriak entzun eta onartzeko aukera izan da. Hori balioan jarrita, orainean jarri eta atzera begiratuz iraganaren gaurko irakurketa partekatu bat egiteko beharra adierazten da. Irakurketa hori egiterakoan, ikuspegia bizikidetzari ekarpen bat egitea izan behar dela partekatzen da. Inor epaitu edo ukatu gabe, bizikidetza urratu dituzten jokaera, jarrera eta dinamikak izendatzea. Baina ariketa hau egiteko zailtasunak aurkitzen dira, ondorio partekatu batera iristeko ahaleginetan bazterketa edo inposizioaren sentimenduak gailentzen dira. Ondorio horretan “nirea” jasota ez dagoenaren sentsazioa edo “nirea” sentitzen ez dudan toki batera eramana izatearen sentsazioak. Beraz, nola egin denona izango den ondorio batera iristeko?
Forokide gehienentzat gaia gehiegi luzatzen ari da. Beraz, oraingoz ekitaldiak ez antolatzea eta udara bitarteko bilerak gaia ixteko baliatzea erabakitzen da. Ondorioz, azaleratu diren kezka eta sentsazioak kontuan hartuta hurrengo bileretan honako bidea hartzea adosten da: orain arteko errelato bakarra lantzeko “sintesien” lanketa baztertzen da eta errelatoaz hitz egiterakoan bi errelato mota desberdintzen dira. Alde batetik, Kontakizun poliedrikoa, bakoitzaren bizipenetan oinarritutakoa, norberak nahi duen datan hasiko dena, forokideen adostasuna ezik errespetua besterik eskatuko ez duena, forokide bakoitzaren ibilbideari tokia emango diona eta gertatutakoaren egia anitzak modu koralean jasoko dituena. Bestalde, Kontakizun etikoa, gertatutakoaren inguruan gaur egin dezakegun irakurketa morala edo etikoa, giza eskubideak eta giza duintasuna ardatz edo oinarri hartuko duena, denoi tokia ematen dion esparru diskurtsibo partekatu bat suposatuko duena, adostua izan behar duena, etorkizunari begira gertatutakoa berriz gertatu ez dadin jarrera partekatu bat adieraziz. Azken honi ekiterakoan zailtasunak kasu zehatzetara jotzerakoan aurkitzen eta aurkitu izan dira, baita aurreko bileretan ere. Hau da, indarkeria guztiak ez dira berdin bizi izan; beraz, denak modu berdinean arbuiatzea ez da erraza egiten eta giza eskubideen errespetuarekin bat egin arren, zenbait gertakari urraketa gisa ikusteko zailtasunak adierazten dira. Zailtasun horiei aurre egiteko, indarkeria nork eragin duen baino izandako urraketari begiratzea egokia ikusten da, urraketa berdinak berdin izendatuz, eta urraketa mota bakoitzari bere tokia emateko eta dena ez nahasteko izandako indarkeria mota guztiak izendatzea egokia ikusten da.
Geroz eta gehiago, jorratzen ari den ariketa hau publikoa egingo denaren kontzientzia nagusitzen doa taldean. Foroaren ibilbide luzea folio baten estutasunera murrizten saiatzen ari garela. Horrek beste kezka bat eragiten du, nola ikusi eta irakurriko da Foroaren ibilbidearen emaitza? Galtzaile eta irabazleen dinamikatik? Nahiko edo ez nahiko bezala epaitua izango al da egindako ibilbidea eta lorturiko ondorioak? Horrek ere kezka handia eragiten du kideen artean eta pisu handia izango du aurrerantzean izango diren eztabaidetan.
Kontakizun poliedrikoari dagokionez, forokideen idazki desberdinen arteko nolabaiteko “harmonia” bilatzea eskatzen da, horretarako zenbait irizpide jartzen dira: kontakizuna zintzoa eta egiazkoa izatea, gertatutakoa izendatzerakoan helburua norberaren ikuspegia eta jarrerak azaltzea izatea eta ez justifikatzea edo besteenak epaitzea, besteak beste.
Kontakizun etikoari ekiterakoan “esparru diskurtsibo partekatu” bat lantzeari ekiten zaio, denoi tokia emango dien hizkuntza bat alegia. Lanketa honetan, zenbait hitz partekatzeko zailtasunak aurkitzen dira. Berez hitzaren zentzuari helduta partekatzen badira ere, orain arte egindako erabilpena edo alde batek erabili izanak kutsatzen dituela adierazten da. Eztabaida horren adierazgarri batzuk “injustu” hitza edo “tortura” hitzak dira. Lanketa honekin aurrera egin ahala eta giza eskubideak oinarri partekatu bezala harturik, kontakizun etikoan honako elementuak jaso beharra ikusten da: urraketen arduradunak nortzuk izan diren eta urraketa motak izendatzea, eta eragindako sufrimenduaren aitortza. Aitortzari dagokionez, norberak bere neurrian egin behar duela ikusten da, egile zuzenak eta ez zuzenak, eta gizarte maila desberdinean alegia. Zentzu honetan, egoki ikusten da forokide bakoitzak ere autokritika ariketa pertsonala egitea, beti ere gertatutakoaren parte sentitzen den neurrian eta bere ardura eremutik. Norbera bere jarrera eta ekintzei gaurko begiradatik hurbiltzea. Hau pertsonala izango den neurrian bakoitzak bere kontakizun poliedrikoan txertatzea egoki ikusten da.
Hurrengo bileretan gero eta nabarmenagoa da forokideen nekea, eta bileretan hutsuneak nabarmentzen doaz. Beraz, behin kontakizunen gaia nola landuko den argituta, kontzeptu gatazkatsuak zeintzuk diren argi izanda, partekatzen den kontakizun etikoa adostea geratzen da. Elkarrekiko ezagutza sakonak adostasunetara iristeko diren zailtasunez jabetzea suposatzen du eta horrek kezka eragiten du taldean. Aurrera egite aldera, dinamizatzaileak lanerako zirriborro bat aurkezten du ekainean, jada Foroak onarturiko dokumentuak eta izandako elkarrizketak kontuan harturik. Hurrengo bileretan testua landu eta zuzentzen joango da.
Bestalde, Uda aurretik Foroak bi gutun jasotzen ditu. Batean, Pizkunde plazan antolaturiko ekitaldi politiko baten harira, herriko biktima batek bere mina eta balorazioa adierazten du; eta bestean, herritar batek aitortza eta egiaren inguruko bere ekarpena helarazten du. Horien inguruan bi bilera egiten dira eta izandako elkarrizketen ondoren gutunak Foro gisa erantzuten dira. Gai honen harira, etorkizunean Foroa, erantzunak emateko dinamika batean sartzeko kezka pizten da, egoera horrek forokideen artean tentsio handia eragiten baitu.
Urteko azken bilera irailean egiten da eta kontakizun etikoa adosteko zirriborroa lantzen jarraitzen da. Behin dokumentu hori adostuta, foroaren ibilbidearen itxiera faseari ekitea aurreikusten da. Fase honi modu antolatu batean ekiteko eta kide gehienen nekea eta bileretara etortzeko zailtasunak ikusirik, lana aurreratuko duen lantalde bat osatzea adosten da.