Hasiera / 2017 / Kronika
Errelatoa(k) gaiari beste bultzada bat, partekatzen dena eta ez dena identifikatzen eta adosteko saiakera berri bat. Programazioa zabala lantzen.
Urtarrileko bileran, aspaldiko partez forokide guztiak elkartzea lortzen da. Aurreko ekitaldien lanketaren intentsitateak taldekideen arteko komunikazioan eta elkar ulertzean eragin ezkorra du, baina lortutako zintzotasun mailak bakoitzaren sentsazioak eta beharrak askatasunez adierazteko aukera ematen du. Kide batzuk erabakietatik kanpo sentitu dira, beste batzuek erabakiak hartzerakoan seriotasun eta ardura falta egon dela adierazi dute, eta beste batzuek, gehien bat lanaren pisua hartu dutenek, eurenganako konfiantza eta errespetu falta sentitu dute. Aurrera egite aldera, behin antolatuko diren ekitaldiak adostuta, antolaketaren pisua hartzen duten pertsonenganako konfiantza eskatzen da, bai eta gaizki-ulertuak mailez baino aurrez aurre lehenbailehen kudeatzea ere.
Aurreko urteetan abiaturiko barne hausnarketa bukatzeko beharra partekatzen da eta gehiegi luzatu ez dadin epe muga bat jartzea adosten da. Behin partekatzen duguna eta ez duguna ikusita, horrekin zer egin erabakitzeko momentua iritsiko da. Diru laguntzak eta taldeko lana antolatze aldera, urteko ekitaldien programazioa zehaztea adosten da eta lan hori errazteko proposamen bat egingo duen lan talde bat izendatzen da. Hurrengo bileretan egindako proposamenak lantzen dira. Jasotako egitasmo bakoitza garatzeko lan talde txikiak osatzen dira. Hona hemen egitasmoen zerrenda: Tolosako Zine Forumarekin batera bizikidetzaren inguruko film emanaldiak antolatu, ikastetxeekin gaia jorratzen hasteko moduak aztertu (inkesta bat eginez, adibidez), hitzaldi ziklo bat antolatu, biktimekin lanketa zehatza aztertu…
Urtearen hasieran Museoen Nazioarteko eguna elkarrekin ospatzeko proposamena iristen da Topicetik, eta hurrengo hilabeteetan landu eta gauzatzen da. Marko horretan, eta taldeko kide baten bultzada bereziari esker, maiatzaren 18an, “Esanezina esan – mitoa eta errelatoa. Zergatik gertatu zaigu hau guztia?” mahai-ingurua antolatzen da. Bertan, Juan Aranzadi, Aitzpea Leizaola eta Joseba Zulaika antropologoek parte hartzen dute. Ekitaldia prestatzerakoan foroaren aurkezpen dokumentu bat egitearen beharra sortzen da eta testu bat adosten da. Ekitaldiaren egunean zenbait forokidek bazkaria partekatzen dute hizlariekin eta herriko zenbait biktimarekin, hizlariek egungo egoera ezagutzeko zuten grinak bultzatuta. Ekimenak elkarrizketa eta hurbilketa oso esanguratsuak ematen ditu. Topicen egindako ekitaldi horretan oso positibotzat jotzen da bertako arduradunekin izandako elkarlana, parte-hartze zabala eta hedabideetan eragindako oihartzuna. Horrek guztiak foroaren lana ikusarazten lagundu duela partekatzen da taldean.
Martxoaren 25eko goiza Errelatoaren gaiari berriz heltzeko baliatzen da. Bertan, 2015eko martxoan abiaturiko hausnarketa prozesuaren inguruan emandako pausuak aurkezten dira. Hau da, lantzen hasitako gaiak, izendatutako gakoak, izandako hausnarketak “folio” batean jasotzeko egindako saiakerak, kontakizun poliedrikoen inguruan aurreratutakoa, irakurketa etiko bat egiteko irizpideen inguruan izandako hausnarketak… Aurkezpen honek taldea zein puntutan dagoen ikustarazteko baliagarria da, baina ez du taldeak bilatzen duen sintesia egiten laguntzen. Horretara iristeko oraindik badela zer zehaztu ikusten da eta horri ekiten zaio bileran. Errelatoaren lanketak denontzako zentzua izan dezan zenbait elementu kontuan hartzea azpimarratzen da, besteak beste: ondorio minimo etiko partekatu batera iristea, mina jasan dutenak kontuan hartzea, kanpoko konfrontazio politiko eskemak gurean ez errepikatzea, testuinguruak gure jokamoldeetan eta eboluzioan izandako garrantzia kontuan hartzea, denoi tokia emateko formula bilatzea, eta etorkizunean errepikatu behar ez den hori adostea.
Beraz, hurrengo bileretan errelatoa(k) lantzen jarraitzen dugu, errelato bakarra ezinezkoa dela onarturik hau da partekatzen den ibilbidea: gu gaur hemen kokaturik gertatutakoaren irakurketa egin, hausnarketa horretan puntu amankomunak bilatu eta partekatzen ez duguna identifikatu, eta norberak bere ibilbidearen irakurketa kritikoa egitea. Ibilbide honen helburua hausnarketa horiek guztiak “folio” batean jasotzea da. Beraz, horri ekiteko hau da onarturiko prozedura: kide bakoitzak folio batean edo bitan adosturiko lau galderei erantzutea, jasotako kontakizun guztiekin dinamizatzaileak sintesi proposamen bat egitea eta ondoren sintesi hori elkarrekin lantzea. Azkenik, data berriz eztabaidagai bilakatzen da eta azkenean honako erabakia hartzen da: “norberak dituen zauriak azaltzeko beharrezkoa duen garaitik hasiko” du bere errelatoa. Ondorengo hiru bileretan (ekaina-urria), forokide bakoitzak bere kontakizuna partekatzeko aukera du eta azaroan dinamizatzaileak lehenengo “sintesi dokumentua” aurkezten du taldean. Uztaileko bileran, Foroaren blog bat sortzeko proposamena lantzen hasten da, egindako emanaldiak eta taldeko barne aktak bertan jasotzeko.
Apirilaren 29an Foroko kide batek (Anttonek) Foro Sozialak Gernikan antolaturiko mintegian hartzen du parte, foroaren esperientziaren berri emateko beste herrietako foroekin batera. Udazkeneko bileretan hurrengo bi ekitaldien prestaketa lanak eta errelatoen sintesiaren lanketa uztartzen dira. Irailean, Tolosako Zine Forumeko kideekin hainbat bilera izan ondoren azkenean ez da eurekin ziklo bat aurrera ateratzea lortzen. Urrian Deustuko Unibertsitateak ikerketa hau plazaratzen du: “Conocimiento y discurso de la población universitaria sobre terrorismo y vulneraciones de Derechos Humanos en Euskadi”. Txosten horren egile Iker Usonekin eta Euskadiko Gazte Kontseiluko bi kiderekin batera, azaroaren 22an, “Gazteok eta iragan hurbilaren memoria” mahai-ingurua antolatzen da Udaletxeko Pleno Aretoan. Azaroan eta urtero bezala, forokide batek (Arantxak) Herrikide Ikastetxeak antolaturiko Bizikidetza ekitaldian hartzen du parte. Abenduan beste forokide batek (Joxe Agustinek) Andoainen antolatutako Herritar foroetako kideen mahai- inguruan parte hartzen du.
Abenduaren 12an, Kultur etxean “Kolonbia bakerako bidea” egitasmoa antolatzen da. Ekitaldi hau prestatzeko, forokide batek (Onintzak) “La paz insurrecta” filmaren egile Unai Aranzadirekin duen harremana baliatzen da, bai eta Europako Parlamentuan aurkezturiko Kolonbiako Bake Akordioen garapen txostenaren egileetako bat Garbiñe Biurrun izatea ere. Beraz, filmaren emanaldiaren ondotik Arantxi Padillak Garbiñe Biurrun eta Fernando Vaquerizoren arteko mahai-ingurua bideratzen du. Aipatutako txostena gauzatzeko Kolonbiara misio bat bidali zen eta Mundubat Fundazioa horren antolatzaileetako bat izan zenez, mahai-ingurua eurekin elkarlanean antolatzen da.
Ekitaldien prestaketarekin batera errelatoa(k) gaia lantzen jarraitzen da. Bileretan partekatuaz gain, zenbait forokidek euren kontakizunak idatziz bidaltzen dituzte. Jasotako guztiarekin dinamizatzaileak azaroan lehenengo sintesi zirriborroa aurkezten du. Hiru bileretan partekatzen diren puntuak, desadostasunak eta eztabaida gaiak identifikatzeari ekiten zaio. Sintesiak hiru atal nagusi jasotzen ditu: gu testuinguruan, gertatutakoaren irakurketa pertsonalak; gertatutakoaren balorazioa, irakurketa etikoa edo ariketa autokritikoa eta etorkizunari begira partekatu daitezkeen oinarri edo printzipioak. Eztabaida zintzo, sakon eta zabalen ondoren kontakizun guztien bizkar-hezur amankomun bat zehazteko zailtasuna aurkitzen da. Zenbait kasutan gertakari berdinak hautatu arren, horien eragina edo emandako irakurketa desberdina dela ikusten da. Beraz, datu objektiboak subjektibo bilakatzen dira bakoitzaren begiradatik.