Errelatoa 4

Hasiera / 2021 / Kontakizun poliedrikoak / Errelatoa

4. Kontakizun poliedrikoa

NIRE ERRELATOA

Langileen etxean jaio nintzen, 1960ean: ama eta aita langile arruntak ziren. Amaren aldeko amona gurekin bizi zen. Hiru ahizpa ginen, ni zaharrena. Aita hil zen nik 13 urte nituela. Beraz, bost emakume geratu ginen etxean. Bakarrik eta elkarrekin.

Ama, familia nazionalistan hazita. Aita ez. Ama eta amona euskaldunak. Aita ez.

Amonarekin etxeko pasilloan “kalejirak” egiten genituen, euskal kantak abestuz: “Gora Euskadi, bizi bedi, gora Sabino Arana Gori”, adibidez, eta horrelako asko.

Nire osaba batek Iparraldetik disko txiki haietako batzuk ekartzen zizkigun: buruz nekizkien euskal abesti haiek.

Txikitan neukan euskera gero galdu nuen – edo ia -: hori izan zen nire erronka pertsonal nagusietariko bat. Eta berreskuratzea – eta hobetzea – lortu nuen. Eragin handia izan du horrek nire bizitzan.

Txikitatik antzeman nuen gure gizartea, arlo askotan, ez zela justua. Nahiz eta nire gurasoak asko saiatzen ziren eta dena guretzat zen, nik ez nituen nire lagun askok zituzten aukerak: ez kotxerik, ez bidairik, ez arropa dotorerik…

Eskola pribatura gindoazen eta, horretan ere, desberdintasunak: bekak eskatu behar genituen eta, denboraldi batean, dirua biltzen zen – ez dakit nortzuen artean – guri eta gu bezelako beste batzuei – horrela uste dut – eskola ordaintzeko.

Baina gu ez ginen gizarte horren “biktimak” bakarrik. Nire etxean ere beste pertsona batzuk mespretxatzen ziren: kanpotik lana egitera etorritakoak, hain zuzen ere. Bueno, nire aita ez zen horrelakoa: berak debekatuta zeukan etxean “koreano” hitza eta antzekoak erabiltzea.

Beharbada, hori guztia kontuan harturik, txikitatik “justizia” izan nuen helburu, horrela, orokorrean. Egoera asko injustuak iruditzen zitzaizkidan: ekonomikoki, politikoki…

Euskal arazoaz lehen aldiz Burgosko Epaiketaren harian izan zen, 1970ean. Ikaragarrizko istiluak egon ziren kaleetan eta, lehen aldiz, poliziaren jarrera ikusi ahal izan nuen.

Handik aurrera, egoera antzekoa izan zen: atentatu batzuk – oraindik ez nuen ondo ulertzen hura zer zen -, ekintza politiko batzuk, gatazkak kaleetan, grebak…

Gertaera horietako batzuk oso gogoan dauzkat, eragin handia izan baitzuten niregan:

– ez dakit zein urtetan izan zen, baina ikurrina bat jarri zuten Santa Maria Elizako puntan. Nire etxean asko komentatu zen Juan Maria Araluce Villarrek – Gipuzkoako Diputazioko Presidentea zen eta, aurretik, Tolosako Notarioa izan zen – esan zuela – edo omen – ikurrina jarri zutenak “malnacido”ak zirela; oso larritzat jo ziren nire etxean hitz horiek. Gero, aurrerago, ETAK hil zuen 1976ean.

– 1977eko udaberrian guardiazibilak Ibarrako Sebastian Goikoetxea eta Zaldibiko Nicolas Mendizabal hil zituen. Ni COU ikasten ari nitzen, Tolosako Eskolapioetan. Ibarrako eraikin batean jarri zen Goikoetxearen hik kapera eta hara joan ginen, “prozesioan”, amarekin. Inpresio handia egin zidan horrek guztiak.

– Luis Arsuaga Eskolapioetako apaiza – ni, orduan, berarekin, Comunidad cristiana de base haietako baten kidea nintzen – Tolosako guardiazibilaren kuartelera eraman zuten eta izugarrizko jipoia eman zioten. Horren ondorioz, kuarteletik ospitalera eraman zuten, giltzurruna larriki kaltetuta zeukalarik.

– garai hartan, ez dakit zergatik edo nondik nora izan zen, baina Amnesty Internationalek egindako Giza Eskubideen aldeko kanpainia batekin egin nuen topo eta, harez gero, patrikan beti neraman Giza Eskubideen Aldarrikapenaren kopia bat. Eta oso inozo nintzenez, guztiz babestuta sentitzen nintzen horrekin, baita egoera larrietan ere.

– COU ikasten ari nintzela, hau da, 1977an, kristaua nintzen oraindik. Kuadrilla bat Taizé herrira – Frantzia – joan ginen Aste Santuan, kristau topaketa batera. Oso modernoa zen garai hartan. Gure gelan ikurrina bat geneukan paretan jarrita. Hilabete gutxi zen legalizatu zela – 1977ko urtarrilan -. Ez dakit nola gertatu zen, baina ikurrina Taizera eramateko baimena eskatu eta hara eraman genuen. Han, giro “ekumeniko” hartan, italiar batzuk ezagutu genituen eta ikurrinaren truke bandera komunista zahar bat eman ziguten. Oso harro ekarri genuen bandera gorri hura. Tolosara iritsi eta gelara eraman eta ikaragarrizko disgustua hartu genuen: ez zuten onartu ikurrina “trapu” zahar horren truke aldatu izana. Nik, ordea, ez nuen ulertu zergatik ez zitzaien niri bezain liluragarria iruditzen bandera gorri hori gure gelako paretan edukitzea.

– Unibertsitatean, Donostiako Zuzenbide Fakultatean ikasten hasi nintzen. Han ezagututako ikaskide batekin lotura handia izan nuen; bera kontzientzia- objektorea zen eta Donostiako Kontzientzia Objekzioa Mugimenduaren taldearekin biltzen hasi nintzen, Amara Zaharran zeukaten egoitza “klandestino” batean. Bakea eta armen aurkako borroka ziren orduan nire helburuak. Ekintza desberdinak egin genituen. Ni, antimilitaristatzat jotzen nuen nire burua eta horrela sentitu izan naiz beti.

– 1979an ETAk Andrés Varela Espainiako Armadako Komandantea hil zuen. Varela nire aitaren laguna izan zen, nire ahizpa gaztearen lagun baten aita – Eva – eta bere emaztea nire amaren ezaguna. Gainera, nire irakaslea izan zen, Eskolapioetan, COUn, eta FEN – Formación del Espíritu Nacional – ematen zigun. Pertsona ona zen eta berarekin harreman pertsonala izan nuen. Alde guztietako hildakoak nituen nire inguruan. Ikaragarria iruditzen zitzaidan Tolosan bertan pertsona bat horrela hiltzea, kalean, tiroz. Ez nekien oraindik zer etorriko zitzaigun aurrerago.

– 1981eko otsailean Joxe Arregi hil zen espetxean, torturatuta. Ni zinean nengoen, zineklubean, ostiralero bezala – garai hartan ostiraletan egiten zen, Iparagirre aretoan -. Ez genekien ezer. Pelikula ikusten ari ginen eta, bat- batean talde bat sartu zen aretoan, Joxe Arregi hil zutela esanez eta zine emanaldia bukatu behar zela. Gaizki pasa genuen, gogorra izan zen. Emanaldia bukatu zen. Hurrengo egunean sagardotegira joan ginen, Astigarraga aldera, ohi bezala. Kontrol batean geldiarazi gintuen: dena miatu, kotxea eta guzti. Nik protesta egin nuen; lagunak ixiltzeko esaten zidaten eta nik ezetz, ez zegoela eskubiderik.

– handik hilabete batera, ETAk Juantxo Costas hil zuen Tolosan, droga trafikatzailea zelakoan. Bere emazte ohia nire lagun minaren lehengusua zen; bere orduko bikotea Tolosako neska bat. Alaba txiki bat zeukan. Ezagutzen nuen Costas; ez zen laguna, baina taberna batzutan kointziditzen genuen. Oso gogorra iruditu zitzaidan. Ez zuen inolako babesik jaso.

– 1981an ere bai, Sanjuan egunean, ETAk bi gazte hil zuen. Liburuak saltzen ari ziren, etxez etxe, eta, nunbait, susmagarriak ziren. Zeren susmagarri?. Oso gogorra izan zen baita ere, baina oraindik kontzientzia gutxi zegoen.

– 1982ko abenduaren 12an Juan Ramón Joya Lago Guardiazibila hil zuen ETAk. Baina ni ez nintzen enteratu ere egin. 1988Ko urriaren 12an, Tolosako Guardiazibilaren kuartelean bere alarguna eta semealabak ezagutu nituen. Beren bakardadea eta beldurra ez zait oraindik ahaztu. Orduan jakin nuen gertatutakoa.

– 1983ko otsailean, iñauterietan, larunbatean, gauean, danborrada hasi aurretik, ETAk bikote bat tirokatu zuen. Emakumea hil zen eta gizona zauritua suertatu zen. Badirudi gizona detektibe pribatua zela eta lan asuntu bat ikertzen ari zela. Susmagarria omen zen. Orduan jabetu nintzen ETAren munduan zein azkar mugitzen zen informazioa eta zein erraz hil zezaketen pertsona bat.

– 1983ko urrian Josean Lasa eta Josi Zabala ETAkide tolosarrak desagertu ziren. Beraien desagerpena salatu zuten bere lagunek eta senitartekoek. Nik ezin nuen sinetsi gesagertarazi zituztenik. Caribe aldera alde egin zutela ere zabaldu zen – teoria bat izan zen – eta nik hori gehiago sinetsi nuen bestea baino.

– 1983ko abenduan Patxi Arin enpresaria hil zuen ETAk. Bere semeak ezagutzen nituen. Manifestaziora joan nintzen. ETAren indarkeriaren aurka egin behar zela nabarmen ikusi nuen. Handik oso gutxira Euskadiko Ezkerran afiliatu nintzen.

– garai hartan Tolosako Euskaltegira joaten nintzen, Gau Eskolara. Orduan, HABE sarean sartu zen Euskaltegia, beste Euskaltegiekin batera, eta istiluak izan ziren. Donostiako Euskaltegian guardiazibil batzuk sartzea eskatu zuten, euskara ikastera. Horrek ekarri zuen gatazka handia. Gure Euskaltegian asanblada bat egin zen. Proposatu zen bozkatzea guardiazibilekin klasera ez joatearen alde. Nik kontrakoa proposatu nuen, hau da, Euskalteki publikoa izanik, klasea edozeinekin konpartitu beharra onartu behar zela. Nire proposamenak nire boza besterik ez zuen izan eta besteak, aldiz, ia 200. Orduan batzuk zabaldu zuten xurrumurru kezkagarria: Garbiñe Biurrun “huele a pasma”.

– 1985ko hasiera izango zen, baina ez nago ziur. Ni Euskadiko Ezkerrako kidea nintzen. ETA Pmko kide batzuk Iparraldetik itzuli ziren, taldea desegin eta gero. Irunera iritsi ziren, trenez. Han nengoen ni harrera egiteko. Horietako batzuk delitu larriak burutu zituzten.

– 1985an Bakearen Aldeko Koordinakundea – Gesto por la Paz – sortu zen. Hasieratik hartu nuen parte. Pankarta txukuna egin eta Eskolapioetan gordetzen genuen. Hilketa bat gertatuz gero, Tolosako Triangulo Plazan biltzeko, isilik, konpromiso hartu eta urteetan bete genuen.

– 1986ko irailean ETAk Maria Dolores Gonzalez Katarain – Yoyes – hil zuen, taldea utzi eta gero. Ez zioten barkatu. Asteazkena zen, Ordiziako euskal jaien egunik handiena. Han nengoen ni, jaia ospatzen, nire lagun baten tabernan – Murua tabernan – bazkaltzen. Handik metro gutxietara hil zuten, bere umea eskutik zeramala. Ilunabarrean Udaletxean bildu nintzen bertako Euskadiko Ezkerrako kideekin. Oso gogorra izan zen. Gero, lagun baten etxean afaldu genuen eta, bertan, gonbidatu batekin biziki haserretu nintzen. Gero, gonbidatu hori, emakume bat, epaitua izan zen eta ETAkidea izateagatik urte asko egin zituen espetxean. Hurrengo larunbatean Ordiziako plazan jaialdi bat egin zen Yoyesen omenez. Han nengoen baita ere. Imanol abeslaria eta beste batzuk hartu zuten parte. Harez gero, Imanolek arazo larriak izan zituen.

– 1987aren hasieran edo hor nonbait, ETAk Jaime Caballero enpresaria bahitu zuen. Nire senarraren familiak ondo ezagutzen zuen eta bahiketak eragin handia izan zuen guregan.

– 1987ko uztailean GALek Juan Carlos Garcia Goena tolosarra hil zuen. Hendaian bizi zen, Espainiatik ihes eginda, soldaduska ez egitearren. Manifestazio handia egin zen. Bertan izan nintzen.

– 1987ko abenduan ETAk bonba bat jarri zuen Zaragozako guardiazibilaren kuartelean. 11 pertsona hil zituen, tartean 5 ume. Zaragozan egin zen manifestazioa hurrengo igandean eta Tolosako Euskadiko Ezkerrakoekin autobusez bertara joan nintzen.

– 1988ko hasieran Ajuria Eneako Ituna sinatu zen. Interes handiz jarraitu nuen hau guztia. Handik aste batzutara manifestazio handia egin zen Bilbon bakea eske. Bertan nengoen eta hunkigarria izan zen. Horrekin dena bukatuko zela iruditzen zitzaidan.

– 1988ko martxoan ETAkidea zen Mikel Lopetegik bere buruaz beste egin zuen espetxean. Tolosan oso giro nahasia egon zen. Nire senarra zinegotzia zen eta mehatxuak jaso zituzten berak eta beste zinegotzi batzuk. Oso gogorra izan zen. Ni Tolosako epailea nintzen eta Audientzia Nazionaletik iritsi zitzaidan gorpua garaiz ehorzten zela ziurtatu behar nuela. Gaizki pasa nuen.

– 1988an – uste dut urte horretan izan zela – nire Donostiako lankidea zen Antonio Giménez Pericásekin eta Pako Etxeberria forensearekin Aldaba Txikitik gora joan ginen Lasa eta Zabalaren gorpuen bila. Martutenen preso zegoen pertsona batek esan omen zuen beste bati entzun ziola han lurperatu zituztela. Horregatik bila joan ginen. Familiak gurekin egon ziren. Inpresio handia egin zidan. Gorpuak ez genituen aurkitu, noski, baina hutsik zegoen ETAren zulo bat bai: lehen aldiz ikusi nuen arma zulo bat.

– 1988an edo 1989an, Tolosako epailea nintzela beti ere, Audientzia Nazionalak aginduta, Villabonara joan behar izan nuen Jaime Caballerorekin honek identifika zezan bahituta egon zen zuloa. Han sartu ginen: garaje bat zen, lurrean tranpa txiki bat zeukan eta handik jaitsita, gela handi bat zegoen eta bertan, beste gela txiki bat: hura zen zuloa, 3 metro x 1,5 metro izango zuen, gehiago ez. Caballerok berehala identifikatu zuen lurrean, pareko aldean, metalezko uztai edo aro bat zegoelako. Benetan ikaragarria izan zen hura; Caballero oso hunkituta egon zen, noski, eta zulotik oso gutxitan atera zela esan zigun; besteok ez genekien zer egin edo zer esan.

– 1989ko udazkenean, irailaren 12an ETAk Carmen Tagle fiskala hil zuen Madrilen. Eragin handia egin zidan.

.- 1989ko udazkenean, irailaren bukaeran, Andoaingo Amnistiaren Aldeko Gestorak nire kontrako salaketa publikoa egin zuen. Esan zuten, hitzez hitz, nik errepresioa errematatzen nuela eta babes legala ematen niola. Hori guztia Ertzantzak Andoaingo mutil bat harrapatu zuelako eta kotxean koktel molotov pila bat zituelako – orduan zen Nafarroako autobidearen gatazka – eta nik gazte hura espetxeratu nuelako. Andoaingo Udalak nire alde egin zuen batzar batean. Oso gaizki pasa genuen etxean. Ni haurdun nengoen: handik 15 egunetara jaio zen nire semea. Egun haietan babes ofiziala ere jaso nuen: Madrilera lanera joatea ere eskeini zidaten, baina ez nuen onartu. Babes eta laguntza jaso nuen, baita ere, pertsona askorengandik, horietako bat Joseba Pagazaurtundua, Andoaingo Udaltzaingoaren buru, nirekin harreman profesional estua zeukana, ni Tolosako epailea nintzelako eta Andoainen lan asko egiten zelako – heroina drogaren garairik gogorrena zen -.

– Imanol abeslariari babesa: 1989ko azaroaren 2an, jaialdi bat egin zen Donostiako Anoetako Polikiroldegian. Bertan nengoen, nire semea, aurreko urriaren 12an jaioa etxean utzita, nire amarekin. Ezinbestekotzat jo nuen bertara azaltzea. Anjel Lertxundik antolatu eta bertan parte hartu zutenen izen batzuk hauexek izan ziren: Andoni Egaña, Jose Lizaso, Xabier Euskitze, Rosa León, Luis Eduardo Aute, …. Babes handia jaso zuen Imanolek, baina, gero jakin genuenez, lasaitasunik ez zuen lortu.

 

– 1995ko udaberrian identifikatu ziren Lasa eta Zabalaren gorpuak. Eragin handia egin zidan. Ezin nuen sinetsi. Tolosako Udalak Batzarra deitu zuen goiz baterako eta azaldu nintzen. Proposatu nuen Udalak herri salaketa burutzea eta horrela egin zen. Epaiketan Udalaren abokatua egon zen salaketa egiten.

– 1997ko iñauterietako astelehenitan, otsailaren 10ean, ETAk Rafael Martínez Emperador Auzitegi Goreneko magistratua hil zuen Madrilen. Ez nuen zuzenean ezagutzen, baina bai bere lana, lan arloan egiten zuelako, nik bezala.

– 1997ko iñauterietako asteartitan, otsailaren 11ean, goizean, ETAk Patxi Arratibel hil zuen Tolosan, bere txaranga, Kabila, zuzentzen ari zela. Bezperan, gauean, Tolosako sagardotegi batean afaltzen ari ginela, lagun on batzurekin, korrika eta presaka atera ginen handik talde “susmagarria” zegoelako eta nire izena aipatu zutelako – gure taldeko lagun batek entzunda -. Beti pentsatu izan dut ni hiltzeko prest zeudela. Arratibel hil zuten. Aurten, 2019an, apirilaren 6ean, Arratibeli, indarkeriaren beste biktima batzurekin batera, egin zaio omenaldia Donostian, “Adiorik gabe” ekimenean. Joateko nintzen, sarrera neukan, baina ezin izan nuen. Nire egoera pertsonalak eta hori guztia gogoratzeak nahastu ninduten. Gaizki pasa nuen egun horietan.

– 1997ko uztailaren 10ean ETAk Miguel Angel Blanco bahitu eta handik bi egunetara tirokatu eta hil. Ni kanpoan nengoen, oporretan, Alcossebren. Gainera, oso garai txarra zen nire ahizpa gaztea hilabete lehenago, ekainaren 15ean, hil zelako. Miguel Angel Blanco nire lagun baten ezkontzan ezagutu nuen: biek “Poker” musika talde berean jotzen zuten, Blancok bateria eta Jaime nire lagunak bajoa. Bere bahiketa eta hilketa oso gertutik bizi nituen: alde batetik gizarte osoarentzat oso egoera gogorra izan zelako eta, bestetik, zuzen zuzenean eta oso maiz albisteak nituelako Jaimeren bitartez – ia egunero hitz egin genuen -. Jaime izan zen Blancoren familiaren bozeramailea. Gero, irailean, Madrilen egin zuten kontzertu bat Blancoren omenez, Miguel Angelen tokia, bateria, hutsik zegoelarik. “Poker” taldekoek gure semeei kontzertuko argazki handia oparitu zieten, denek sinatuta. Markoan jarri genion eta gelan izan zuten argazki hura urteetan. Oraindik etxean daukagu.

– Miguel Angel Blancoren hilketa mugarria izan zen benetan. Eta ez guztiz onerako, nire ustez. Gizartea asko zatitu zen, arlo batzutan behintzat. Nik zuzenean bizi nuen zatiketa hori eta oso gogorra izan zen – Unibertsitatean,adibidez -. Oso planteamendu sinplea egiten zen: edo gurekin edo gure aurka, edo ETAren aurka edo ETArekin. Lehen aldiz, bandoa edo alderdia aukeratu behar genuen. Nire “betiko” bandoan ez ninduten ondo hartzen ez nuelako horretan sinesten eta indarkeria desberdinak zeudela pentsatzen nuelako.

– 1997ko martxoaren 11ean ETAK Javier Gómez Elosegui Psikologoa hil zuen. Martuteneko espetxean egiten zuen lana. Presoen urrunketaren aurka zegoen. Gertutik tokatu zitzaigun. Bere anaia betiko lagun batekin ezkonduta zegoelako.

– 1998ko uztailaren 15ean Baltasar Garzon epaileak EGIN egunkaria itxi zuen. Ez nekien zer pentsatu. Ondo ezagutzen nuen eta asko apreziatzen nuen Carlos Trenor abokatua atxilotu zuten eta, handik egun batzutara askatu. Gero, Trenor epaitua izan zen eta urte batzuk egin ditu espetxean.

– 1998ko irailean ETAk suetena iragarri zuen eta 1999ko azaroa bitartean iraun zuen. Egia esan, nik ez neukan itxaropen handirik.

– 2000. urtea oso gogorra izan zen. ETAk bere suetena hautsi eta nire iritziz, inoiz baino gogorrago itzuli zen. Egia esan, ez dakit gogorrago jotzen zuen, baina, lagun batek zioen bezala, “hay menos balas, pero silban más cerca”. Eta horrela izan zen, oso oso gertutik tokatu zitzaigun.

– 2000ko maiatzaren 7an, goizean, ETAk José Luis López de Lacalle laguna hil zuen Andoainen. Igandea zen, ni Madrilen nengoen. Itzulitakoan hil kaperara joan nintzen. Oso tristea izan zen. Ez zegoen ulertzerik. Hurrengo egunean, astelehena, eguerditan Udaletxearen aurrean egiten zen elkarretaratzera joan nintzen – orduan Udaletxea gaur Musika Eskola dagoen eraikinean zegoen -. Antton Izagirre zen Alkate eta ez bera ez bere taldeko inor ez zen azaldu. Elkarretaratzea bukatu eta beste bi lagunekin batera bere bulegora joan nintzen azalpenak eskatuz: ez genuen ulertzen bere jarrera. Egia esan, ez zigun gauza handirik esan; nik behintzat horrela hartu nuen. Oso jarrera koldarra iruditu zitzaidan orduan.

– 2000ko uztailaren 29an ETAk Juan Mari Jauregi laguna Tolosan hil zuen. Larunbata zen, eguerdia. Ni oporretan nengoen nire etxekoekin, Alcossebren. Hondartzan geunden eta nire amak entzun zuen albistea irratian; oraindik zaurituta zegoen. Nire semerik zaharrena, 10 urtekoa, negarrez eta karrasika hasi zen esaten “denak hilko gaituzte”. Lasaitu behar izan genuen. Hondartzatik berehala atera, etxera itzuli eta senarra eta biok Tolosara etorri ginen. Hil kaperara joan ginen, baina ez genekien zer esan. Oso tristea izan zen. Ez zegoen ulertzerik. Uda hartan nire semeak ez zuen nahi izaten gu gauean kalera ateratzea, beldurrez. Oso gaizki pasa zuen. Txikia, ordea, ez zen asko jabetzen.

– 2000ko udazkenean José Luis López de Lacalleren eta Juan Mari Jauregiren aldeko omenaldi bat antolatzen hasi ginen lagun batzuk – gehienak PSEkoak -. 2001ko Udaberrian egin zen, Autonomia Hauteskundeen atarian. Tolosako Leidor Antzokian egin zen; bete zen aretoa. Ibarretxe Lehendakaria eta beste agintari batzuk etorri ziren. Oraindik oso omenaldi gutxi egiten zen.Ederra izan zen; tristea, baina ederra eta beharrezkoa. Imanol abeslariak etorri behar zuen. Alicanten bizi zen orduan, bere herritik erbesteratuta, eta bezperan deitu zidan bere partehartzea bertan behera uzteko, beldurrez. Horrek niri pena ikaragarria eman zidan. Egun hauetan asko gogoratu naiz Imanolekin, Harkaitz Canok idatzitako liburuaren harira.

– gero, handik hilabete batzutara, ETAko komando bati harrapatutako dokumentuen artean, omenaldi horren aurkezteko egin genuen prentsaurrekoaren argazkia zegoen, nire irudia borobilduta eta bertan idatzita “epailea”. Ertzantzatik deitu zidaten, hori erakutsi eta “kontu handiz” ibiltzeko esan. Beste “jakitun” askok esan zidaten oso serio ni izan nintekeela hurrengoa, baina ETAk bi emakume bakarrik hil zituela zuzenean – Yoyes eta Carmen Tagle – eta, beharbada, horrek salbatu nindukeela. Etxean eta nire inguruan oso gaizki pasa zuten, beldur handia zegoen eta nik antzematen nituen nirekiko begirada bereziak. Segurtasun neurri batzuk hartu behar izan nituen. Beldurtuta nengoen. Asteburuero kanpora joaten ginen, lasai egotearren. Nire seme zaharrenak oso gaizki pasa zuen garai hartan, oso konsziente zelako eta, adibidez, Juan Mari Jauregi ezagutzen zuelako.

– 2001eko azaroaren 7an José Maria Lidón Bilboko magistratua hil zuen ETAk. Orduan dena aldatu zen. Bizkarzainak jarri zizkiguten. Gure bizitza aldatu zen. Kanpora gindoazenean, asteburuetan, Berastegiko A15eko loturaraino bi kotxetan joaten ginen – ni bizkarzainekin kotxe batean, gure etxeko kotxea nirekin ez lotzeko. Nire inguruan, orokorrean, lasaitu ziren babes horrekin. Batez ere nire gertukoak eta, beraien artean, bereziki nire seme Juantxo. Pertsona batek bakarrik hartu zuen gaizki: nire seme txikia, Martinek. Martinek 8 urte zituen eta ordura arte gertatzen zenaz ez zen ondo jabetzen. Baina bizkarzainen istorio horrekin bat-batean konturatu zen bere ama arriskuan zegoela eta orduan gaizki pasa zuen. Babes asko izan nuen: pertsona asko hurbiltzen zitzaizkidan beren babesa adieraztera, horietako batzuk “ezker abertzale”koak, tartean Antton Izagirre.

– 2003ko otsailaren 8an ETAk Joseba Pagazaurtundua hil zuen. Igande batean tirokatu zuten. Ni kanpoan nengoen, Candanchún. Bi edo hiru egun iraun zuen bizirik, oso larriki zaurituta. Asko apreziatzen nuen. Bere hil kaperara joan nintzen eta bere omenez Andoaingo Plazan egin zen ekitaldira ere bai: “politikoki” gogorra izan zen niretzat. Orduan ikusten zen benetako “lixkar zibila”.

– 2003ko otsailaren 20ean Del Olmo epaileak EGUNKARIA itxi zuen. Martxelo Otamendi zen bere zuzendaria eta, beste langileekin batera, atxilotua izan zen. Ondo ezagutzen nuen Martxelo, nahiz eta garai hartan gure harremana ez zen inolaz ere estua. EGUNKARIAren itxiera oso larria iruditu zitzaidan, ulertezina. Martxeloren tortura salaketak ikaragarriak izan ziren eta hitzez hitz sinetsi nituen. Martxeloren jarrera txalotzen dut: salaketa publikoa eta judiziala egin zuen, Estatuaren lotsarako – Estatuaren aginte guztien, baita aginte judizialaren, lotsarako -. “EGUNKARIAREN ALDE” osatu zen taldekidea izan nintzen.

– 2006ko udazkenean 18/98 Sumarioan salatuen aldeko ekimen batean parte hartu nuen.

– geroztik, denetik gertatu da: hilketa gehiago, tortura gehiago, liskar politiko bortitza, suetenak… eta, azkenik ETAren jardueraren bukaera – 2011ko urriaren 20ean – eta bere desagerpena – 2018ko maiatzaren 4ean -. Azpimarratu nahi dut SORTU Alderdiaren Estatutuen aurkezpena, 2011ko otsailean, Bilboko Euskalduna Jauregian. Bertan izan nintzen. Hunkituta nengoen. Aspaldian, egoeragatik, ikusten ez nituen eta asko apreziatzen nituen pertsona asko besarkatzeko aukera izan nuen. Niretzat egun handia izan zen, ETAren amaieraren lehen eguna. Horrela hartu nuen eta horrela gertatu zen.

– presoen aldeko manifestazio batzutara joan izandu naiz, haien eskubideen errespetu eske. Normalean, urtero, urtarrilean Bilbon egiten diren ekitaldietara. Bestalde, nire lanbidean arazoak ez izatearren, horren beldurrez, uko egin diot hainbat proposameni – adibidez, manifestazio horietako adierazpena irakurtzeari -.

– beste ekimen batzutan hartu dut – hartzen ari naiz – parte: presoen egoerari eta torturari buruzko mahai inguruetan… “Foro Sozialeko” Batzordean ere parte hartzeko konpromisoa neukan baina Aginte Judizialaren Kontseilu Nagusiak baimena ukatu zidan eta uko egin behar izan nuen.

– geroztik, guztiz posible egin zait pertsona askorekin hitz egitea eta lan desberdinetan kolaboratzea, zintzoki. Ez daukat inolako gorrotorik. Alderantsiz, elkarlanean jarraitzeko gogoa besterik ez. Ez dut ezer ahaztu nahi – ez dut ahazten, buruak ez dit uzten -, baina etorkizun hobea nahi dut.

– beste askorengan ere jarrera bera ikusten dut. Adibide bat jartzearren: Arnaldo Otegi espetxetik atera zenean, handik hilabete batera edo deitu zidan nirekin biltzeko asmoz. Bildu ginen kafe bat hartzera, kafetegi batean. Barkamena eskatu nahi zidan nirekiko egun batean, Tolosako Leidor Antzokian egin zen ekitaldi batean, izandako jarreragatik. Ni ez nintzen horretaz gogoratzen, egia esan, baina asko eskertu nuen bere jarrera. Adibidea besterik ez da. Beste askok ez didate ezer esan, baina ez dela beharrezkoa pentsatu nahi dut.

 

AUTOKRITIKA ETA SENTIPENAK.

Nire burua antimilitaristatzat eta bakezaletzat jo dut errelato honen hasieran. Egia da eta horrela bizitzen saiatu naiz. Indarkeriaren aurka egon naiz eta publikoki adierazi dut nire jarrera, beldurrik gabe edo, hobeto esanda, batzutan beldur handiz, baina nire ardurari erantzunez.

Baina aitortu behar dut torturaren aurka ez dudala nahikorik egin. Ezin nuen sinetsi esaten zen guztia; ez zen erraza onartzen Estatuaren izenean, Estatuaren indarrek horrelakorik egiten zutenik. Geroztik sinetsi dut eta ahal izan dudan guztietan nire iritzia eman dut eta ekimen desberdinetan parte hartu dut.

Onartu nuen denbora luzean gizarte honen zatiketa eta ez nintzen saiatu hura gainditzen. Baina oso zaila zen ETAren jarduera gordina indarrean zegoenean. Ezin nuen ulertu nola jasan zitekeen hori guztia ahotsa altxa gabe.

Aldiz, ez dut arazorik izan Estatuaren indarkeria kritikatzeko, nahiz eta horrek beste arazo mota batzuk ekarri dizkidan.

Nire ideiarik nagusienak hauexek izan dira – eta dira, oraindik -:

– hemen jarraitzea, bizitzen eta lanean, nire ideiei uko egin gabe; horrek ematen zidan beldurririk handiena: nire ideiak aldatzea zegoen presioagatik eta ikaragatik. Ez zen – ez da – tema. Komentzimendua da eta nire nortasuna mantentzeko beharra.

– nire semeen bizitza eta ideiak ez baldintzatzea.

Gertatu zaiguna oso oso larria izan da, zalantzarik gabe. Oraindik ez dut ulertzen nola atera – edo ateratzen ari garen – zulo beltza horretatik eta zergatik izaten ari den horren “erraza”. Seguruenik, bai pertsonalki, baita kolektiboki, bizirauteko beharra eta nahia sufrimenduak baina handiagoak izan direlako. Hemen gaude. Atzera begiratzeko, aurrera eginez, denbora luzea daukagu oraindik.

 

OHARRAK.

Negar asko egin dut hau dena idazterakoan. Egun desberdinetan idatzi dut, saltoka – baita kronologikoki ere bai -.

Gertaera asko eta asko kanpoan utzi ditut, batzuk nahita, beste batzuk ahaztuta ditudalako. Bakar bakarrik jaso ditut niregan eragin berezia izan dutenak, eta asko diren arren, gehiago dira buruan fresko ez ditudanak. Halere, seguru nago lan honekin jarraituz gero, beste gertaera garrantzitsu asko jasoko nituela.

Nire errelatoa orain ixtea erabaki dut. Horrela utziko dut, momentuz. Idazten jarraituz gero, ez dut inoiz bukatuko.

Oso oso data gutxi begiratu behar izan ditut googlen. Gehien gehienak buruan dauzkat grabatuta, baita zer astegunetan gertatu ziren, non nengoen, norekin… Horregatik, akatsak egon daitezke, noski.

Nahiz eta hau guztia buruan daramadan, orain arte ez dut inoiz dena idazteko ahaleginik egin. Honegatik eta denagatik, asko eskertzen dizuet.

Tolosan, 2019ko ekainaren 16a.